Itxi

3. Maila

Final-hamaseirenak (itzulera)

Getafe-Portugalete, (0-0): Portuk ohorez esan dio agur Errege Kopari

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Maila ona erakutsita geratu da Kopatik at talde bizkaitarra. Partida hasieran gol aukera argia izan dute jarrilleroek. Getafek uste baino gehiago sofritu du Hirugarren Mailako taldearen aurka.

Portugalete Errege Kopatik at geratu da gaur Getaferen aurka Alfonso Perez Coliseumean 0-0 berdinduta. Talde madrildarra final-zortzirenetara sailkatu da joaneko partidan La Floridan 1-1 egin eta etxetik kanpoko golak balio bikoitza duelako berdinketa kasuan.

Partida hasi eta jarraian, hirugarren minutuan, Portugaletek gol aukera bikaina izan zuen 0-1ekoa egiteko. Etxabe, ordea, ez zen errematera iritsi baloia sare barrura bultzatu besterik ez zuenean. Ordutik aurrera Getafe izan da baloiaren jabe, baina Michelek zuzentzen duen taldeak ez zuen gol aukera gehiegirik sortu. Getafek gol aukera on bat izan zuen lehen 45 minutuetan. Horrenbestez, talde bakoitzarentzat gol aukera banarekin eta 0-0eko markagailuarekin iritsi zen norgehiagoka atsedenaldira.

Bigarren zatian Getafe jaun eta jabe izan zen. Dena den, talde madrildarrak ez zuen Urkoren ate aurrean asmatu. Bi alditan zutoinera bidali zuten errematea Getafekoek eta beste baten langara. Azken hamar minutuetan Portugaletek erasora jo zuen golaren bila. Saiatu ziren bizkaitarrak, baina ez ziren Ustariren ate aurrean aukera argiak sortzeko gai izan.

Azkenean, 0-0eko emaitzarekin bukatu zen partida Alfonso Perez Coliseumean eta Portugaletek agur esan dio Kopari Lehen Mailako talde baten aurka partidarik galdu gabe.

Fitxa teknikoa:

0.- Getafe: Ustari; Pintos (Parejo, min.46), "Cata" Díaz, Kas, Marcano; Mosquera, Boateng; Arizmendi, Albin, Victor Sanchez (Mane, min. 75); Colunga.

0.- Portugalete: Macias; Goiria, Bergara, Pinilla, Soria; Clausi (Carreño, min.69), Alberto Perez (Iturriaga, min. 76), Ontiñano, Gondra; Etxabe (Raul, min. 67) eta Aguiar.

Epailea: Ramirez Domínguez.