Itxi

Futbola

KATEGORIAZ IGO DA

Huescak Lehen Mailan jokatuko du lehen aldiz

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bigarren Mailan hiru denboraldi jarraian zeramatzan talde aragoarrak gorengo mailara igotzeko zuen lehen aukera baliatu du.

  • Jorge Pulido Huescako defentsa bere taldearen bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Jorge Pulido Huescako defentsa bere taldearen bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Huescak 0-2 irabazi dio astelehen honetan Lugori Anxo Carro zelaian jokatutako partidan, eta, horrenbestez, klubarentzat historikoa den igoera lortu du.

Sportingek Teneriferen aurka ostiralean galdutako lehiaren ostean, Rubik entrenatzen duen taldeak garaipen bakarra lortu behar zuen igoera matematikoki ziurtatzeko.

Hartara, Bigarren Mailan hiru denboraldi jarraian zeramatzan talde aragoiarrak jokatzeke zituen hiru neurketatik lehendabizikoa baliatu du gorengo mailara igotzeko.

Aragoiko taldeak ezin izan zuen joan zen denboraldian igoera gauzatu, Getaferen aurkako igoerako kanporaketan talde madrildarrak egin baitzuen aurrera, eta, ondoren, baita igoera erdietsi ere.

Nahiz eta denboraldiari kaskar samar ekin zion Huescak (bi berdinketa eta bi porrot hasierako bost jardunaldietan), gerora, neurria hartu zion txapelketari eta hamar partida kateatu zituen galdu gabe.

Ondoren, porrot bat etorri zen (1-0 Granadaren kontra), baina jarraian beste 10 jardunaldi pilatu zituen galdu gabe. Taldearen unerik zailena otsailetik apirilera bitartean iritsi zen, zortzi norgehiagoka ibili baitzen garaipenik lortu ezinik (tartean lau porrot).

Aitzitik, txapelketaren azken txanpa honetan, Rubiren jokalariek euren mailarik gorena azaldu dute eskuartean zuten helburua erdietsi arte.