Itxi

Futbola

Joaneko norgehiagokak

Errege Kopa: Finalerdiak hasiko dira

Erredakzioa

Mourinhoren Real Madrilek Sevillaren aurka jokatuko du Sanchez Pizjuanen (asteazkenean 20:00etan) eta Bartzelonak Almeria hartuko du Camp Noun (asteazkenean 22:00etan).

Errege Kopako finalerdiak hasiko dira, ikusleentzako bi norgehiagoka interesgarrirekin. Jose Mourinhoren Real Madrilek Gregorio Manzanoren Sevillaren aurka jokatuko du eta Pep Guardiolaren Bartzelonak etxean hartuko du Kopan ezustekoa eman duen Almeria.

Talde madrildarrak Sami Khedira berreskuratu du Sevillarako eta alemaniarra hasierako hamaikakoan egongo da Xabi Alonsorekin batera. Talde andaluziarrak ilusio handia jarri du norgehiagoka honetarako eta zaleek giro ederra sortuko dute zuriei aurre egiteko. Gregorio Manzanok ia jokalari guztiak prest ditu, Guarente eta Arouna Kone izan ezik, lesionaturik jarraitzen baitute.

Bartzelonak bestalde, kanporaketa erabakita utzi nahi du etxean. Guardiolaren mutilek itzelezko jipoia eman zioten Almeriari Ligan (0-8), baina Kopako partidak ezberdinak izaten dira eta blaugranek ez dute ezustekorik nahi. Katalanen hamaikakoko berria Dani Alvesen itzulera izan daiteke eskuin hegalean. Carles Puyolek lesionaturik jarraitzen du eta ez da joaneko partidan izango.

Talde zuri-gorrian berriz, Jakobsen eta Juanito zalantza izango dira azken unera arte, gaurko lan saioa ez baitute euren taldekideekin egin.