Itxi

Futbola

Errege Kopa

Mutilverak Lehen Mailako talde handi baten aurka jokatzeko saria lortu nahi du

eitb.eus

Nafarroako taldeak Villanovense izango du aurkari Mutilnovan asteazken honetan, 20:15ean. Irabaziz gero, Europan jokatzen ari den Lehen Mailako talde bat izango du aurkari hurrengo kanporaketan.

  • Mutilvera. Argazkia: EiTB

    Mutilverako jokalariak Barakaldoren aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Mutilverak ilusioz gainezka ekingo dio Errege Kopako hirugarren txandako kanporaketari asteazken honetan. Villanovense izango du aurkari Nafarroako taldeak eta neurketa Mutilnova zelaian jokatuko da, 20:15ean.

Kopako hirugarren txandako kanporaketa gaindituz gero, sari potoloa jasoko luke Mutilverak, hurrengo kanporaketan Europan jokatzen ari diren Lehen Mailako talde bat izango bailuke aurkari. Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril, Valentzia, Sevilla, Betis edo Vila-real izan ditzake aurkari Mutilverak.

Hirugarren Mailako XV. multzoko sailkapeneko 7. postuan da Mutilvera, 8 jardunalditan 13 puntu eskuratuta. Nafarroako taldeak 4 garaipen, berdinketa bat, eta 3 porrot jaso ditu ligan, 13 gol sartuta eta 10 hartuta. Errege Kopan, Barakaldo kanporatu zuen Mutilverak lehen txandan, partida bana (1-1) amaitu zelarik luzapena eta guzti, eta penaltien txandan nagusitu ziren Nafarroakoak. Ondoren, bigarren txanda jokatzetik libratu ziren, zozketan zortea izanda.

Bestalde, Villanovense Bigarren B Mailako IV. multzoko 19. postuan dago, 8 jardunalditan garaipenik lortu gabe, lau partida berdinduta eta lau porrot jasota. Villanueva de la Serenako (Badajoz) taldeak 5 gol sartu ditu ligan eta 10 gol jaso. Errege Kopan, aldiz, lehen txanda jokatzetik at geratu zen zozketan; bigarren txandako partidan, ordea, Villanovensek Badalona kanporatu zuen, 2-1 irabazita.