Itxi

Futbola

Kluben Mundiala

Real Madril, munduko txapeldun hirugarrenez jarraian

eitb.eus

Finalean 4-1 nagusitu zaio Al Ain taldeari eta hirugarren denboraldiz jarraian lortu du Kluben Munduko Txapelketa irabaztea.

Real Madrilek 2018ko Kluben Munduko Txapelketa irabazi du, finala Al Ain Arabiar Emirerri Batuetako taldeari 4-1 irabazita. Madrielko taldeak hirugarrenez jarraian lortu du munduko txapeldun izatea.

Real Madril izan da baloiaren jabe hasieratik, baina lehen abagune argia Al Ainek izan du 11. minutuan; Sergio Ramosek eragotzi du gola, baloia atepetik aterata. Hiru minutu beranduago, ordea, Real Madrilek aurrea hartu du Luka Modricek sartutako golari esker (1-0). Gola sartu ostean, Europako taldea izan da jaun eta jabe eta hainbat abagune izan ditu: Adibidez, gutxigatik kanpora joan den jaurtiketa, zutoina jo eta kanpora joan den Benzemaren errematea, Baleren jaurtiketa eta Khalid Eisa atezainak erantzun bikaina eman dion Modricen jaurtiketa ikusgarria.

Bigarren zatiaren hasieran ere jaun eta jabe izan da Real Madril. Erasokor zelairatu da Solarik zuzentzen duen taldea, eta pare bat abagune on eduki ostean saria jaso du, 58. minutuan, Marcos Llorentek gola sartuta (2-0). Real Madrileko erdilariak boleaz egin du errematea area kanpotik eta sare barrura bidali du baloia. Gol honen ostean, erantzuteko gaitasunik gabe geratu da Al Ain taldea. Bi taldeek abagune bana argi bana izan ostean, 79. minutuan,  Sergio Ramosek 3-0ekoa sartu du. Partida guztiz erabakita geratu da, baina 86. minutuan, ohorearen gola sartzea lortu du Al Ainek, Shiotaniren bitartez (3-1). Jada luzapenean, Viniciusen jokaldi onaren ostean Yahid Naderrek bere atean sartu du gola (4-1).

Amaieran, Real Madrid nagusitu da, eta talde merengeak hirugarrenez jarraian lortu du Kluben Munduko Txapelketa irabaztea.

Fitxa teknikoa:

4 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Marcos Llorente (Casemiro, 82. min), Kroos (Ceballos, 70. min), Modric; Lucas Vázquez (Vinicius, 84. min), Bale eta Benzema.

1 - Al Ain: Khalid Eisa; Mohamed Ahmed (Bandar, 64. min), Ismail Ahmed, Mohammed Fayez, Shiotani; Rayan Yaslem, Mohamed Abdulrahman (Amer, 67. min), Doumbia, Hussein El Shahat, Caio; eta Berg (Yahia, 75. min).

Golak: 1-0, 14. min: Modric. 2-0, 60. min: Marcos Llorente. 3-0, 78. min: Ramos. 3-1, 86. min: Shiotani. 4-1, 91. min: Nader en propia puerta.

Epailea: Jair Marrufo. Txartel horia atera dio Sergio Ramosi, 45. minutuan.