Itxi

Futbola

Aldaketak

Espainiako Federazioak emakumezkoen Lehen Mailaren antolakuntza-eredua aldatuko du

Erredakzioa

Espainiako Futbol Federazioak, Iberdrolako Ligarekin zerikusirik izango ez duen lehiaketa antolatu nahi du. Elite Mailan 16 talde egongo lirateke, eta Etorkizun Mailan 32 talde.

  • Luis Rubiales. Argazkia: EFE

    Luis Rubiales, Espainiako Futbol Federazioko presidentea. Argazkia: EFE

Espainiako Futbol Federazioak abian jarri ditu emakumezkoen Lehen Mailaren antolakuntza-eredu berria sortzeko mekanismoak. Ez du zerikusirik izango Iberdrola Ligarekin, eta helburua da Espainiako futbol selekzioak munduko maila gorenean mantentzea.

Zuzendaritza Batzordeak astearte honetan onartu du emakumezkoen futboleko Lehen Mailaren antolakuntza-eredu berria sortzea, eta behin betiko onarpena apirilean erabakiko da, Ohiz Kanpoko Batzar Nagusian. Hala jakinarazi du Alfredo Olivares Espainiako Futbol Federazioko lehiaketa zuzendariak.

Andreu Camps Federazioko idazkari nagusiak iragarri duenez, bi mailatan banatuko da txapelketa: Elite Maila eta Etorkizun Maila. Elite Mailak 16 talde izango ditu, eta Etorkizun Mailak 32 talde. Lurraldekako multzoetan banatuta egongo dira, igoera eta jaitsiera faseekin. Klubentzat borondatezkoa izango da txapelketa-eredu berrian parte hartzea, baina lehiaketa horixe izango da Europarako txapelketak jokatu ahal izateko txartelak banatuko dituena. Gainera, parte hartuko duten taldeek Espainiako Futbol Federazioaren diru-laguntzak jasoko dituzte.

"Iberdrola Ligak aurrera jarraitu ahalko du, ez gabiltza lehiaketa bat kentzen ari beste bat jartzeko. Lehiaketa-eredu berri bat sortzen ari gara, non Federazioak izango duen antolakuntzaren ardura. Kluben parte hartzea borondatezkoa izango da", adierazi du Campsek.