Itxi

Futbola

KANPORATZEA

Rayo Vallecanok Michel kargugabetu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Talde madrildarrak 23 puntu ditu, eta jaitsiera postuetan dago kokatuta.

  • Michel, Bartzelona eta Rayoren arteko partidan

    Michel, Bartzelona eta Rayoren arteko partidan. Argazkia: EFE

Rayo Vallecanok entrenatzaile kargutik kendu du Michel astelehen honetan.

Vallecasko taldeak ondo ekin zion 2019. urteari, baina otsailean eta martxoan zazpi partida galdu ditu bata bestearen atzetik (azkena igande honetan, Vila-realen aurka, 3-1), eta jaitsiera postuetan kokatuta dago.

Hain zuzen ere, 19. tokian dago sailkatuta 23 punturekin, eta sei puntura du Vila-real, Lehen Mailari eutsiko liokeen azken taldea.

Michel (43 urte) Rayoren harrobian hazi zen, eta bi alditan izan zen lehenengo taldeko jokalaria: 1994tik 2003ra eta 2005etik 2012ra. Jokatzeari utzi zionean, klubaren egituran hasi zen lanean. Gerora, 2017ko otsailean, lehen taldea entrenatzeari ekin zion Bigarren B Mailarako bidea zeramanean.

Denboraldi horretan, Rayo salbatzea lortu zuen, eta hurrengoan (2017/2018) Lehen Mailara igo zuen. Aurtengo denboraldian, ordea, emaitzek kargua galtzea ekarri diote.

Guztira, 89 aldiz zuzendu du Rayo, eta horietatik 34 norgehiagoka irabazi ditu, 23 berdindu eta 32 galdu.

Rayok ohar bat plazaratu du kaleratzearen berri emateko. Aipatu oharrak honako hau dio, besteak beste: "Hiru denboraldi hauetan zehar egindako lan ordainezina eta izandako arrakastak eskertzen dizkiogu, tartean 2018an Lehen Mailara igotzea. Lorpen horrek ia 100 urte dituen gure historiaren ohorezko tokian kokatzen du".