Itxi

Futbola

Santiago Bernabeu estadioan

Real Madril-Bartzelona (1-1): Bi penalti eta berdinketa

Erredakzioa

Leo Messik jarri du 0-1ekoa bigarren zatiko bosgarren minutuan (penaltiz) eta Cristiano Ronaldok berdinketa jarri du (penaltiz ere) norgehiagokako 81. minutuan.

Bartzelonak LIga erabakita utzi du Santiago Bernabeu estadioan lortutako 1-1ekoari esker. Partidako bi golak penaltiz lortu dituzte Messik eta Cristiano Ronaldok.

Lehenengo zatian talde blaugranak baloiaren jabetza kontrolatu egin du, baina Real Madrilek kontraerasoei esker, arriskua sortu du Victor Valdesen area inguruan. Partidako lehen aukera garbia Leo Messik izan du, baina Casillasek argentinarraren jaurtiketa gelditu egin du. Cristiano Ronaldok erantzuna eman du 22. minutuan, baina portugaldarraren errematea langa gainetik desbideratuta joan da. Lehen zatiko 43. minutuan Messik beste abagune garbi bat izan du, baina Casillasek ederki gelditu du zartakoa. Cristiano Ronaldok erremate bikaina egin du 45. minutuan eta Adrianok desbideratu egin du azken orduan baloia 0-0 mantentzeko.

Bigarren zatiko bosgarren minutuan norgehiagoka guztiz baldintzatu duen jokaldia eman da. Albiolek penalti argia egin dio David Villari eta Real Madrileko atzelariak txartel gorria ikusi du. Messik jaurti du penaltia eta Guardiolaren mutilak 0-1 jarri dira markagailuan. Hala ere, zuriek asko sakatu dute berdinketa lortzeko eta 1-1ekoa penaltiz lortu du Madrilgo taldeak. Norgehiagokaren 81. minutuan Valdesek Marcelo zangotrabatu du eta Crsitiano Ronaldok gola lortu du penaltia ederki jaurtiz.

Azken minutuetan Mourinhoren taldeak garaipena bilatu du erasoan asko sakatuz, baina aurrelari zuriek ez dute hiru zutoinen artean asmatu.