Itxi

Futbola

2019ko Frantziako Mundiala

Sekula ez bezalako Munduko Txapelketa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mundialean esku hartuko duten 24 selekzioek euren kirolari bultzada handia eman diezaioketela sinetsita jardungo dute Frantzian, ekainaren 7tik uztailaren 7ra bitartean.

  • Frantziako Emakumezkoen Munduko Txapelketa iragartzeko kartela

    Frantziako Emakumezkoen Munduko Txapelketa iragartzeko kartela. Argazkia: EFE

Frantziako Emakumezkoen Munduko Txapelketa ostiral honetan hasi da Frantziak eta Hego Koreak elkarren artean jokatuko duten neurketarekin (4-0).

Faboritoei buruz hitz egiteko orduan, Ameriketako Estatu Batuak da egungo txapelduna, eta titulua defendatzeko ardura izango du. Inork ez du sekula irabazi estatubatuarrek adina txapelketa (1991, 1999 eta 2015).

Frantzia ere finalera iristeko hautagaien multzoan dago, tartean baititu Txapeldunen Liga irabazi berri duen Olympique Lyon taldeko hainbat jokalari.

Ingalaterra, Kanada, Australia eta Herbehereak (egungo Europako txapelduna) ere garaikurra lortzeko izenen artean agertzen dira.

Bestalde, Argentinako selekzioa bueltan da Munduko Txapelketa batean, 12 urte parte hartu gabe egon eta gero. Horrez gain, Txile, Eskozia, Jamaika eta Hegoafrikako selekzioek lehen aldiz hartuko dute parte.

Txapelketa, zenbakietan

Mundialean esku hartuko duten 24 taldeetako 23 jokalariek (552, denetara) euren kirolari bultzada handia eman diezaioketela sinetsita jardungo dute Frantzian, ekainaren 7tik uztailaren 7ra bitartean jokatuko den txapelketan.

Baliabideei dagokienez, lehen aldiz VAR teknologia erabiliko dute epaileek; horrez gain, Kanadan erabili zuten futbol-zelai artifizialak albo batera utziko dituzte naturalen mesedetan.

Diru-sariei begira jarriz gero, Kanadan 15 milioi dolar banatu ziren, horietako bi irabazleentzat izanik. Frantzian, berriz, bi kopuru horiek bikoiztu egingo dira.

Horrez gain, FIFAk bi diru-ekarpen berri egin ditu: batetik, herrialde bakoitzeko federazioek euren taldeak prestatzera zuzendutako 11.520.000 dolarrak; bestetik, jokalariak utzi dituzten taldeen artean banatuko diren 8.480.000 dolarrak.

Txapelketa 135 herrialdetan egongo da ikusgai eta, FIFAren aurreikuspenen arabera, 1.000 milioi ikus-entzuleren arreta erakar dezake kirol-ekitaldiak.