Itxi

Futbola

2019ko Munduko Kopa

Norvegiak penaltietan lortu du final-laurdenetarako sailkapena

Agentziak | Erredakzioa

Norvegia eta Australiaren arteko partida berdinketarekin amaitu eta penaltietan zehaztu zen sailkapena. Ingalaterra eta Kamerun partidako garailearekin ikusiko dira Norvegiarrak final-laurdenetan.

  • Norvegiarrak penaltietan eskuratutako sailkapena ospatzen. Argazkia: EFE

    Norvegiarrak penaltietan eskuratutako sailkapena ospatzen. Argazkia: EFE

Penaltiek zehaztu dute 2019ko Munduko Kopako final-laurdenak jokatuko dituen hirugarren sailkatua: Norvegia. Australiaren aurkako kanporaketa,banakako markagailuarekin amaitu zen eta penaltietan erabaki zen norvegiarren garaipena. Norvegiak Ingalaterra eta Kameruren arteko norgehiagokaren garailearekin jokatuko du final-laurdenetan.

Norvegiak hasiera-hasieratik ekin zion erasoari; Caroline Graham Hansen aurrelaria izan zen arrisku gehien egin zuen jokalaria.

Eskandinaviar penintsulako selekzioak partidako lehen gola lortu zuen, 31. minutuan. Isabell Herlovsenek aurre egin zion Lydia Williams atezainari eta gola sartu zuen (1-0). Norvegiak partida kontrolpean zuela zirudien.

Hala ere, VAR-ak berrikusitako jokaldi batean, epaileak Australiaren aldeko penaltia adierazi zuen. Baina penaltia huts egin eta australiarrek ezin izan zuten berdinketa lortu.

Partida amaitzear zegoela, banakakoa heldu zen. Kellond-Knightek australiarren aldeko ertzeko sakea aprobetxatu eta berdinketa lortu zuen (1-1). Horrenbestez, luzapenera joan zen partida.

Hogeita hamar minutu gehigarrietan, epaileak Alanna Kennedy australiarrari txartel gorria erakutsi zion eta, beraz, Ozeaniako selekzioak hamar jokalariekin amaitu zuen partida. Luzapenean zehar ez zen markagailuko banakakoa hautsi eta penaltietan erabaki zen final-zortzirenetako garailea. Bertan, nagusitasunez irabazi zuten europarrek (4-1).

Norvegia final-laurdenetarako sailkatu da eta, bertan, Ingalaterra eta Kamerunen arteko partidako garailearekin jokatuko du.

Fitxa teknikoa

1 (4) - Norvegia: Ingrid Hjelmseth, Ingrid Moe Wold (Synne Skinnes Hansen, 102. min), Maren Mjelde, Maria Thorisdottir, Kristine Minde, Karina Saevik (Frida Maanum, 71. min), Vilde Boe Risa, Ingrid Syrstad Engen, Guro Reiten, Caroline Graham Hansen eta Isabell Herlovsen (Lisa-Marie Utland, 76. min).

1 (1) - Australia: Lydia Williams, Ellie Carpenter (Amy Harrison, 120. min), Alanna Kennedy, Steph Catley, Kellond-Knight (Clare Polkinghorne, 94. min), Logarzo, Emily Van Egmond (Roestbakken, 116. min), Tameka Yallop, Hayley Raso (Emily Gielnik, 42. min), Caitlin Foord eta Sam Kerr.

Golak: 1-0, 32. min: Isabell Herlovsen; 1-1, 82. min: Elise Kellond-Knight.

Epailea: Riem Hussein (DEU).