Itxi

Futbola

Fitxaketak

PSGk Neymar zigortu nahi du lehen entrenamenduan ez aurkezteagatik

Agentziak | Erredakzioa

Kirol zuzendariari 'Le Parisien' egunkarian egindako elkarrizketaren arabera, PSGk jokalaria zigortu nahi du. Egun, Griezmannek antzeko egoera bizi du; izan ere, ez baitzen lehen entrenamenduan izan.

  • Neymar 2019ko Amerika Kopako Brasil eta Argentinaren arteko partida ikusten. Argazkia: EFE

    Neymar 2019ko Amerika Kopako Brasil eta Argentinaren arteko partida ikusten. Argazkia: EFE

Leonardok, Paris Saint Germain (PSG) taldeko kirol zuzendariak, Neymarren salmentarako atea irekita utzi du, baina “bakarrik bi aldeentzako komenigarria den diru kopurua jasotzen badute”. Momentuz, kontaktu formalik ez dutela izan baieztatu du eta, aurre-denboraldiko lehen entrenamendura aurkeztu ez zenez, jokalaria zigortu nahi dutela adierazi du.

Frantziako taldearen kirol zuzendariak jokalaria eta taldea salmentarekin ados daudela azaldu du,  ‘Le Parisien’ egunkarian publikatutako elkarrizketa batean. Hala ere, Leonardok inork ez duela eskaintza formalik aurkeztu eta jokalaria oraindik 3 urteko kontratua duela azaldu du.

“Ez dugu Bartzelona erosle moduan ikusi”, argitu du Leonardok Neymarren salmentaren inguruan. Gainera, Kataluniako talderekin izandako kontaktuak “azalekoak” izan direla gaineratu du.

Horrekin batera, kirol zuzendariak fitxaketa saiakera guztiak kontuan hartuko dituztela argi utzi du: “Neymar PSGtik joan daiteke, baina guztiontzat komenigarria den diru kopuru baten truke”.

Gogoratu beharrekoa da ere, PSGk 222 milioi euroko etete klausula ordaindu zuela 2017an Neymarren fitxaketa aurrera eramateko.

Bestalde, astelehenean aurre-denboraldiko lehen entrenamenduari ekin zion Pariseko taldeak. Horretara ez zen brasildarra aurkeztu eta, beraz, taldeak Neymar zigortu egingo du. “Entrenamendura etorri behar zen, baina ez zen aurkeztu. Berak bazekien bertan egon behar zela. Arazoa konpontzeko irtenbide formala bilatuko dugu, langile guztiekin egiten den moduan”, azaldu du kirol zuzendariak brasildarraren faltaren inguruan.

Horri buruz, Neymarren aitak azaldu du jokalaria akordio batera heldu zela taldearekin uztailaren 15ean bueltatzeko, dirudienez Neymar Institutuarekin ekitaldi ofizialak baitzituen. Hauek, uztailak 10 eta 13 bitartean antolatuta daude.

Griezmann kasua

Antzeko egoera bizi du Antoine Griezmannek Atletico Madril taldearekin. Izan ere, aurre-denboraldiko lehen entrenamendura ez aurkezteagatik zigortuko du taldeak.

Frantziako jokalariak publiko egin zuen Madrilgo taldetik alde egiteko duen intentzioa. Baina, hala ere, 120 milioi euroko etete klausula ordaintzea eskatzen du taldeak.

Gogoratu beharrekoa da ere, Atletico Madrilek fitxaketa horretatik jasoko duen % 20a Realarentzat izango dela, horrela akordatu baitzuten bi taldeek 2014ean. Beraz, Bartzelonak taldeak eskatzen dituen 120 milioiak ordaintzen baditu, diru banaketa horrelakoa izango litzateke: 24 milioi Realarentzat eta 96 Atletico Madrilentzat.