Itxi

Futbola

Abuztuaren 14an

Stéphanie Frappartek historia egingo du Liverpool-Chelsea Superkopa zuzentzean

Agentziak | Erredakzioa

Apirilean Frantziako Ligako partida bat zuzendu zuen, Amiens-Estrasburgo, eta uztailaren 7an Frantziako Munduko Txapelketako finala, AEB-Herbehereak, zuzendu zuen.

  • Stéphanie Frappart futboleko epaile frantziarra

    Stéphanie Frappart futboleko epaile frantziarra. Argazkia: Frantziako Futbol Federazioa.

Stéphanie Frappartek historia egingo du abuztuaren 14an, Istanbulen. UEFAk 35 urteko frantziarra aukeratu du Liverpool ek eta Chelseak jokatuko duten gizonezkoen Superkoparen finala zuzentzeko. Ondorioz, maila horretako partida bat zuzentzen duen lehen emakumezkoa izango da Frappart.

"UEFA bide berriak zabaltzen ari da Stéphanie Frappart Superkopa zuzentzeko epaile bezala aukeratzean. Emakumezko batek UEFAko gizonezkoen partida handi bat zuzentzen duen lehen aldia izango da. Superkoparen finala denboraldiaren hasiera ofiziala da", adierazi du UEFAk bere atari ofizialean.

Frappart emakumezkoen futboleko epailerik entzutetsuenetarikoa da, eta partida handietan esperientziaduna. Aurten, adibidez, Frantziako Munduko Txapelketako finala zuzendu du, AEBen eta Herbeheren artekoa.

Halaber, abuztuaren 14koa ez da gizonezkoen neurketa bat zuzenduko duen lehen aldia, Frantziako Ligue 1 mailako Amiens-Estrasburgo zuzendu baitzuen apirilean. Datorren denboraldian partida gehiago zuzenduko ditu, Lehen Mailara behin-betiko igo baitute Frappart.

Hala ere, Frappart ez da UEFAko gizonezkoen partida bat zuzenduko duen lehen emakumezkoa. Aitzindaria Nicole Petignat izan zen, suitzarrak UEFAko sailkapen faseko norgehiagokak zuzendu zituen 2004 eta 2009 artean.  

Frappartek Superkopako finalean izango duen taldean ere emakumeak nagusi izango dira. Manuela Nicolisi herrikidea eta Michel O’Neal frantziarra izango dira bere laguntzaileak zelaian, Munduko Txapelketako finalean bezala.