Itxi

Futbola

Errege Kopa

Portugaletek ezustekoa eman du Extremadurari irabazita eta aurrera egin du Kopan

Erredakzioa

Talde jarrilleroak 1-0eko emaitzarekin irabazi dio Bigarren Mailan jokatzen duen aurkariari, La Floridan. Adrian Guemes izan da golegilea. Leioa eta Peña Sport kanporatuak izan dira.

  • Portugalete-Extremadura. Argazkia: @clubportugalete

    Portugalete eta Extremadura taldeetako jokalariak La Floridara irtetzen. Argazkia: @clubportugalete

Portugaletek garaipena lortu du Extremaduraren aurka 1-0eko emaitzarekin, eta Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu du. Bigarren Mailan jokatzen du aurkariak, eta ezustekoa eman du talde bizkaitarrak.

Partida hasieratik giro bikaina arnastu da La Floridan. Gainera, taldea ondo atera da zelaira, nahiz eta Extremadurak arrisku sentsazioa eraman duen Portugaleteren ate ingurura. Hala ere, talde bizkaitarra sendo mantendu da defentsako lanean. Lehen zatiko abagune onenak talde bisitariak izan ditu, baina Airam Cabrera eta Valverde ez dira fin ibili, eta ez dute gola sartzea lortu.

Bigarren zatiari erasokorrago ekin dio Portugaletek, eta estutasunetan jarri du Extremadura. Defentsako lanean ez du gehiegi sufritu talde jarrilleroak, eta, 67. minutuan eromena etorri da La Floridara, Adrian Guemesek sartu duen golarekin (1-0). Golak min egin dio Extremadurari, eta talde bisitaria berdinketa lortzen saiatu den arren, ez du abagune argirik sortu. Azken txanpan, beste golen bat sortzeko aukerak izan ditu Portugaletek, baina etxeko taldeko jokalariek ezin izan dute emaitza handitu. Amaieran, garaipena eta hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela Portugaleterentzat.

Peña Sport eta Leioa, kanporatuta

Peña Sportek eta Leioak ezin izan dituzte mendean hartu Fuenlabrada eta Cartagena, hurrenez hurren. Nafarroako taldeak partida handia egin du Bigarren Mailako sailkapeneko playoff postuetan den Fuenlabradaren aurka. Neurketa berdinduta amaitu da (0-0), eta luzapena jokatu behar izan da. Luzapenaren ia amaierara arte eutsi dio Peña Sportek golik gabeko berdinketari, baina 118. minutuan Hectorrek gola sartu du (0-1), eta garaipena eman dio Madrilgo taldeari.

Bestalde, Cartagenak ez dio aukerarik eman Leioari. Murtziako taldea jaun eta jabe izan da hasieratik amaieraraino, eta 4-1eko emaitzarekin lortu du garaipena. Ondorioz, Errege Kopatik at geratu da Leioa.