Itxi

Futbola

LaLiga

Tebas: "Ziur denboraldia bukatu ahalko dugula"

Erredakzioa

LaLigako presidentea den Javier Tebasen ustez, Espainiako 2019-2020 futbol denboraldiak amaitu ahal izango dira.

  • Javier Tebas. Argazkia: EFE

    Javier Tebas, LaLigako presidentea. Argazkia: EFE

Javier Tebas Ligako presidenteak esan duenez, ziur dago futboleko 2019-2020 denboraldia bukatu ahalko dela. Bestalde, telebista eskubideengatik Ligak jasotzen dituen diru-sarreren ehuneko 25eko galera aurreikusten du denboraldia bukatu ezingo balitz.

"Asteburu honetan telefonoz eta bideokonferentziaz hitz egin dut Europako futbol elkarte askorekin eta Espainiako klubetako presidente askorekin, gauzak koordinatzeko, datorren astea oso garrantzitsua izango baita", adierazi du Ligako presidenteak COPE kateko 'Tiempo de Juego' saioan.

Liga bukaerari eta ustezko "playoff" bat jokatzeko aukerari buruz galdetuta, hauxe erantzun du Tebasek: "Orain pentsatzen duguna da txapelketa amaitu ahal izango dela. Datorren astean erabaki garrantzitsuak har daitezke Europa mailan".

"Italiako, Alemaniako eta beste txapelketa batzuetako presidenteekin hitz egin dut. Konponbideak topatu nahian gabiltza, koronabirusarena osasun gai bat delako, eta hori konpontzeko medikuak daudelako; gu, gure txapelketen arlo ekonomikoaz arduratzeko gaude, eta mundu guztian zehar banatuta ehun telebista-eskubide kontratu inguru ditugu. Seinalerik erretransmititzen ez baduzu, ezin duzu kobratu, hori argi dago", azaldu du.

Tebasek adierazi duenez, beste liga batzuekin batera lanean ari da "egutegiak egokitzeko", baina ziur azaldu da denboraldia bukatu ahal izateaz.