Futbola
Monakon
Bartzelona-Porto (2-0), katalanek irabazi dute Europako Superkopa
Erredakzioa
Lionel Messik egin du 1-0ekoa lehen zatiko 38. minutuan eta Cesc Fabregasek lortu du azken 2-0ekoa 88. minutuan.
Bartzelonak irabazi du 2011ko Europako Superkopa. Guardiolaren taldeak erakustaldia eman du zelaian eta Lionel Messik eta Cesc Fabregasek egin dituzte blaugranen golak. Argentinarrak lehen zatiko 38. minutuan egin du 1-0ekoa eta katalanak norgehiagokako 88. minutuan jarri du 2-0ekoa.
Portok agindu du norgehiagokako lehen 8 minutuetan eta zuri-urdinek bi gol aukera nabarmen sortu dituzte. Hala ere, Guardiolaren mutilek lerroak aurreratu egin dituzte eta Pedrok 1-0ekoa lortzeko aukera paregabea izan du 10. minutuan. Hala ere, kanariarraren zartakoz jotako baloia langa gainetik desbideratuta joan da.
Katalanek baloiaren jabetza beregantu dute lehen zatian, baina gol aukera garbiak sortzeko arazo ugari izan dituzte. Xavik abagune ederra izan du 36. minutuan, baina kapitainaren jaurtiketa gutxigatik joan da desbideratuta. 38. minutuan, Messik 1-0ekoa jarri du Guarinek jokalariaren hutsegite nabarmena aprobetxatuz. Portoko jokalariak pase kaskarra eman du defentsara eta argentinarrak gola egin du Helton gaindituz.
Bigarren zatian Portugaleko taldeak gehiago sakatu du erasoan eta 53. minutuan Guarinek partida berdintzeko aukera polita izan du. Hala ere, kolonbiarraren jaurtiketa Valdesek kornerrera desbideratu du. Partidaren erritmoa asko moteldu da bigarren zatian eta Bartzelonak baloiaren kontrol osoa hartu du.
Partidako azken minutuetan Guardiolak Cesc Fabregas zelairatu du eta katalanek agintzen jarraitu dute. Porto hamar jokalarirekin gelditu da Rolandok bigarren txartel horia ikusi duelako 85. minutuan eta Bartzelonak bigarren gola egin du. Azken 2-0ekoa, Cesc Fabregasek lortu du 88. minutuan.
- Fitxa teknikoa:
2 - Bartzelona: Valdes; Alves, Mascherano, Abidal, Adriano (63. minutuan); Sergio Busquets, Xavi, Iniesta; Pedro (Cesc, 80. minutuan), Villa (Alexis, 61. minutuan) eta Messi.
0 - Porto: Helton; Sapunara, Rolando, Otamendi, Fucile; Souza (Fernando, 77. minutuan), Guarin, Moutinho; Hulk, Cristian Rodriguez (Varela, 69. minutuan) eta Kleber (Belluschi, 77. minutuan).
Golak: 1-0: Messi, 39. minutuan. 2-0: Cesc, 88. minutuan.