Itxi

Futbola

Women's Champions League

Emakumezkoen Txapeldunen Liga Reale Arenan eta San Mamesen erabakitzea proposatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Ekainaren 17an, UEFAk zehaztuko du nola amaituko diren COVID-19aren eraginez atzeratuta dituen txapelketak; RFEFek proposatu du final-laurdenak, finalerdiak eta finala Donostian eta Bilbon jokatzea.

  • Reale Arena, beterik, artxiboko irudian

    Reale Arena, beterik, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) proposatu du emakumezkoen Txapeldunen Ligako azken fasea Reale Arenan eta San Mamesen jokatzea. Ekainaren 17an, alegia, datorren asteko asteazkenean, UEFAk zehaztu egingo du nola amaituko diren COVID-19aren eraginez atzeratuta dituen txapelketak, Txapeldunen Liga barne, eta Espainiako Federazioak proposatu du final-laurdenak, finalerdiak eta finala Donostiako eta Bilboko futbol-zelaietan jokatzea.

Emakumezkoen Txapeldun Liga final-zortzirenak jokatu zituztenetik dago etenda, hau da, 2019ko urritik. Final-laurdenak martxoaren 25ean ziren hastekoak, baina atzeratu egin zituzten, beste datarik zehaztu gabe, osasun-larrialdiko egoeragatik. Finala maiatzaren 24an jokatu beharko zuten, Vienan.

Hauek dira kanporaketak: Atletico Madril-Bartzelona, Lyon-Bayern Munich, Arsenal-PSG eta Glasgow City-Wolfsburg.

Atzeratu egin zituzten, eta UEFAk erabaki zuen itxarotea, txapelketa nazionalekin zer gertu behar zen jakin arte. Azkenean, baliteke Txapeldunen Ligako azken fasea aldatzea, eta final-laurdenak, finalerdiak eta finala egoitza bakarrean jokatzea, Reale Arenan ala San Mamesen, ala bitan. Hainbat komunikabideren arabera, bi hiriek aukera handiak dituzte azken fasea hartzeko, baina ez omen dago erabakita finala Donostian ala Bilbon jokatuko duten.

Nolanahi ere, UEFAk datorren astean erabakiko du dena, eta baieztatuko du nola amaituko diren bukatzeke dituen txapelketak.