Itxi

Futbola

29. JARDUNALDIA

Berdinketa Eibar eta Athleticen arteko derbian

EiTB

Ipuruan jokatu den norgehiagoka 2-2 amaitu da. Raul Garciak eta Villalibrek sartu dituzte lehoien golak, eta Kike Garciak eta Orellanak armaginenak.

  • Mikel Vesga eta Pedro Leon

    Mikel Vesga eta Pedro Leon. Argazkia: EFE

Ligako 29. jardunaldiari dagokion Eibar eta Athleticen arteko euskal derbia 2-2 amaitu da Ipuruan, partida zirraragarri baten ostean.

Lehenengo zatia gogorra eta azkarra izan da, bi talderen irabazteko gosea nabaritu da. Bosgarren minutuan Athleticen lehenengo abagune argia iritsi da. Caparen erdiraketaren ostean, Dmitrovicek ondo gelditu du Cordobaren jaurtiketa.

Laster iritsi da lehoien lehen gola. Yuriren jaurtiketaren ostean, Escalanteren eskua adierazi du epaileak eta penaltia seinalatu du Athleticen alde. Raul Garciak ez du huts egin, eta bere taldea markagailuan aurreratzea lortu du (0-1).

Eibarrek ahaleginak egiten jarraitu du, eta partidaren laurdena bete denean, Unai Simonek agerraldi ona egin behar izan du Coteren zuzeneko falta jaurtiketa gelditzeko. 19. minutuan, Kike Garciak neurketa berdindu du Ipuruan (1-1), Pedro Leonek erdiratu ostean.

Hortik aurrera, berdinketa desegiten saiatu dira bi taldeak, eta Eibarrek Athletic estutu du lehenengo zatiko luzapenean, baina berdinduta joan dira atsedenaldira.

Eibarrek arriskua sortzen abiatu du bigarren zatia. 46. minutuan, armaginen aldeko falta arriskutsua adierazi du epaileak, baina Pedro Leonek hesira bidali du. Armaginek eraso egiten jarraitu dute, eta, 50. minutuan, Mendilibar kanporatu du epaileak, Yurik Enrichi besotik heltzeagatik protesta egin ostean.

Ia bigarren zati osoan, Eibarrek jokoa menperatu du, eta 76. minutuan iritsi zaio saria. VAR sistemak Dani Garciak Escalanteri egindako falta adierazi, eta Orellanak 2-1ekoa sartu du penalti puntutik. Athleticek, ordea, azkar erreakzionatu du, eta bost minutu geroago, 81. minutuan, Villalibrek gola sartu du (2-2).

Epaileak 6 minutuko luzapena adierazi du. Denbora amaitzear zegoela, Kike Gonzalezek izugarrizko aukera izan du Eibarren garaipena lortzeko, baina azkenean berdinketarekin amaitu da norgehiagoka.