Itxi

Futbola

20:00etan

Deportivo – Fuenlabrada partida ostiral honetara atzeratu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

LaLigak baieztatu duenez, Lehiaketa Batzordeak ontzat eman du asteazkenean jokatzekoa zen partida ostiralera pasatzea.

  • Deportivoko Administrazio Kontseiluaren prentsaurrekoa.

    Deportivoko Administrazio Kontseiluaren prentsaurrekoa. Argazkia: EFE

LaLigak baieztatu duenez, SmartBank Ligako azken jardunaldiari dagokion Deportivoren eta Fuenlabradaren arteko partida, asteazken honetarako aurreikusita zegoena, ostiralean jokatuko da, 20:00etan.

"Lehiaketa Batzordearen ebazpen bidez, RC Deportivo - CF Fuenlabrada partida, abuztuaren 5ean, 20:00etan, jokatu behar zena, azkenean, abuztuaren 7an (ostirala), 20:00etan, jokatuko da", adierazi du LaLigak ohar baten bidez.

Ordu batzuk lehenago, Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) beste ohar plazaratu du, eta bertan jakinarazi du RC Deportivok, CF Fuenlabradak eta LaLigak aipatu neurketa datorren ostiralera atzeratzea eskatu dutela.

Horrela, LaLigak partida egun berri horretan jokatzea "onartu eta baimentzeko" konpromisoa hartu duela azaldu du federazioak, baita talde biek ziurtatu egin dutela norgehiagoka "COVID-19aren inguruko prebentzio-neurriak betez" jokatuko dutela ere.

Horrez gain, Espainiako Futbol Federazioak adierazi duenez, Galiziako taldeak "taldekako entrenamendurik ez egiteko konpromisoa" hartu du, "azken PCR proben emaitzak lortu arte". Proba horiek ostegun honetan egingo dituzte, 10:00etan.

"Halaber, Deportivok mezu publikoak zabaltzeko konpromisoa hartu du, partida jokatuko den estadioaren inguruan kontzentrazioak saihesteko, eta, badaezpada ere, hiru erakundeek esan dute kontzentrazio horiek gertatu eta ostiralean jokatzerik ez balego, hurrengo egunean, abuztuaren 8an, 20:00etan, jokatuko litzateke", gaineratu du federazioak bere oharrean.

Matematikoki Bigarren B Mailara jaitsita dagoen Fernando Vazquezen taldeak Fuenlabrada (60 puntu) hartuko du Riazorren. Madrildarrek Elx taldeari (61) txapelketako seigarren postua kentzeko asmoz zelairatuko dira, hau da, LaLiga Santanderrera igotzeko playoff'erako azken postua eskuratzeko xedearekin.