Futbola
SmartBank Liga
Fuenlabradak mailari eutsiko dio Kirol Auzitegiak Ligari arrazoia eman ostean
Erredakzioa
Kirol Administrazio Auzitegiak erabakia Ligaren aldekoa izan da, eta Espainiako Federazioak konpetentziarik ez duela adierazi du. Beraz, talde madrildarrak Bigarren Mailan jarraituko du.
-
Fuenlabradako jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Kirol Administrazio Kontseiluak Ligaren aldeko erabakia hartu du Deportivo-Fuenlabrada aferan, eta Madrilgo taldeak Bigarren Mailan jarraituko du. Espainiako Futbol Federazioko epaileak Fuenlabrada mailaz jaistea eskatu zuen Coruñara egindako bidaiagatik, baina eskera artxibatuta geratu da.
Europa Press agentziak erabakiaren berri izan du, eta honakoa azaltzen da testuan: "Fuenlabradak Coruñara egin zuen bidaian -maiatzaren 15ean txapelketak berriz hasteko ezarri zen protokoloaren barruan- gertatu zena aztertzeko konpetentzia Futbol Liga Profesionalari dagokio, eta ez Espainiako Futbol Federazioari".
Ondorioz, Fuenlabradak SmartBank Ligan jarraituko du, txapelketak berriz hasi aurretik COVID-19 koronabirusaren eraginez ezarritako protokoloa "neurri berezi bat baita, eta Espainiako Futbol Federazioaren Diziplina Arautegiaren 68. eta 74. artikuluetan azaltzen diren neurri orokorren gainetik baitago".
Erabakia "behin betikoa da administratiboki", eta helegitea aurkeztu ahalko da bi hilabeteko epean, Espainiako Futbol Federazioak kasua artxibatu besterik ezingo du egin. "Osasun publikoaren aurkako delituagatik" Fuenlabradaren jaitsiera eskatu zuen Deportivok helegitea jarri ahalko du oraindik epaitegietan.