Futbola
7. JARDUNALDIA
Real Madrilek garaipena lortu du Camp Noun (1-3)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrildarrek Valverde, Ramos eta Modricen golekin irabazi dute. Etxekoen gola Ansu Fatik egin du.
Sergio Ramosek 63. minutuan gauzatu duen penaltik erabaki du Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko norgehiagoka Camp Noun (1-3), zeinetan katalanek punteria eta gasolina falta nabaritu dute.
Bizi-bizi ekin diote partidari bi taldeek, eta , hala bosgarren minuturako Fede Valverdek aurretik jarri ditu bisitariak; alabaina, Ansu Fatik markagailua orekatu du hiru minutu geroago. Ondoren, Real Madrilek abantaila hartu du berriro 63. minutuan, Ramosek penaltiz sartu duen golarekin. Epaileak zigortu egin du Lengletek Andaluziako atzelaria heldu izana, etxekoen protesten artean.
Horren ostean, Real Madrilek sendo eutsi dio atzealdean, nahi eta ezin zebilen Bartzelonaren ahaleginak zapuzteko. Ondorioz, berdiketaren gola etorri beharrean zurien hirugarrena iritsi da 90. minutuan Luka Modricen eskutik
Emaitza horren ondoren, katalanek Ligako hirugarren partida kateatu dute irabazi gabe eta zazpi puntu baino ez dituzte; Real Madril, berriz, sailkapeneko gorenera begira jarri da hamahiru punturekin.
Fitxa teknikoa:
1 - Bartzelona: Neto; Dest, Piqué, Lenglet, Jordi Alba (Braithwaite, 87. min); Sergio Busquets (Trincao, 82. min), Frenkie de Jong; Pedri (Griezmann, 82. min), Messi, Coutinho; eta Ansu Fati (Dembélé, 82. min).
3 - Real Madril: Courtois; Nacho (Lucas Vázquez, 43. min), Varane, Sergio Ramos, Mendy; Casemiro, Valverde (Modric, 69. min), Toni Kroos; Marco Asensio (Rodrygo, 81. min), Benzema eta Vinicius.
Golak: 0-1, 5. min: Fede Valverde. 1-1, 8. min: Ansu Fati. 1-2, 63. min: Sergio Ramos, penaltiz. 1-3, 90. min: Modric.