Itxi

Futbola

643 GOL

Messik berdindu egin du Pelek talde bakarrarekin zuen gol kopuruaren marka

A. A. | EITB MEDIA

Jokalari argentinarrak 643. gola sartu du Bartzelonaren elastikoarekin, eta, hala, brasildar izarrak Santosekin lortu zuen kopuru berera iritsi da.

  • Leo Messik buruz egin du bere 643. gola Bartzelonarekin.

    Leo Messik buruz egin du bere 643. gola Bartzelonarekin.. Argazkia: EFE

Leo Messi Bartzelonako aurrelari argentinarrak berdindu egin du talde berarekin gol gehien sartu duen jokalariaren errekorra. Orain arte, Pele brasildarrak zeukan markarik onena 643 golekin, Santos taldearekin lortutakoak, baina Messik kopuru hori berdintzea erdietsi du larunbat honetan, Valentziari Santander Ligan egin dion golarekin.

Gola lehen zatiko 49. minutuan iritsi da, Jordi Albakren erdiraketa bat buruz errematatu ostean. Jokaldi hori Messik berak huts egindako penalti baten ostean etorri da.

Horrenbestez, Messik 643 gol sartu ditu talde katalanarekin, 2004an debutatu zuenetik jokatu dituen 748 partidetan, Bartzelonak eta Transfermarkt webgune espezializatuak emandako datuen arabera (neurketa ofizialetan sartuta golak baino ez dira zenbatzen).

Aurretiaz, Messik Telmo Zarraren (Ligako goleatzaile nagusia), Cesarren (Bartzelonako goleatzaile nagusia) eta Gerd Müllerren (urte natural bateko goleatzaile nagusia) markak ondu zituen.

Peleren kasuan, EFE agentziakk kontsultatutako datu baseak (The Rec Sport Soccer Statistic Foundation eta Transfermarkt) bat datoz gol kopuruan (643), nahiz eta hiru partidako aldea egon bien artean (656-659).