Itxi

Futbola

Talde berria

Lotinak Shimizu S-Pulse talde japoniarra entrenatuko du

L.E.A. | EITB MEDIA

Cerezo Osaka bizkaitarrak azken bi urteetan entrenatutako taldeak laugarren egin du 18 taldek osatutako ligan.

  • Miguel Angel Lotina

    Miguel Angel Lotina. Argazkia: Efe.

Shimizu S-Pulse talde japoniarrak konfirmatu egin du Miguel Angel Lotina entrenatzaile izateko kontratatu dutela. Bizkaitarrak adierazi duenez, "itxaropenez betetako" erronka da.

63 urteko bizkaitarrak Japonian zuzenduko duen hirugarren taldea da Shimizu S-Pulse, Cerezo Osaka (2019-2020) eta Tokyo Verdy (2017-2018) taldeen ostean, azken hori bigarren mailan. Meñakakoa Espainian, Qatarren eta Zipren aritu da entrenatzaile lanetan.

"Denboraldi zaila eta gogorra datorkigu, baina, era berean, itxaropentsua eta pozez batetakoa", esan du Lotinak, Shumizu S-Pulsek ateratako oharrean.

Bizkaitarrak "gogor lan egiteko" konpromisoa eta taldeak datorren denboraldian duen "helburu zaila" gauzatzeko konpromisoa agertu du.

Bukatu berri den denboraldian, Lotinaren Cerezo Osaka taldeak laugarren postuan amaitu du 18 taldek osatzen dute txapelketa. Shimizu S-Pulse, berriz, azken-hirugarren izan da.

Miguel Angel Lotinak Logroñesen hasi zuen entrenatzaile ibilbidea iragan mendeko 90eko hamarkadan, eta ondoren  Badajoz, Numantzia, Osasuna, Celta, Espanyol, Reala, Deportivo eta Vila-real entrenatu ditu Espainiako ligan.