Itxi

Futbola

Konfirmatuta

UEFAk ofizialki esan du Sevillak Bilboren lekua hartuko duela 2020ko Eurokopan

L. E. A. | EITB MEDIA

Espainiako selekzioaren partidak La Cartuja estadioan jokatuko dira, eta ez San Mamesen, hasieran erabaki zuten bezala.

  • San Mames estadioa, Bilbon

    San Mames estadioa, Bilbon. Argazkia: Efe.

Sevilla hurrengo Eurokopako egoitza izango dela konfirmatu du UEFAk, Bilboren lekua hartuta. Horrez gain, Munich hiriak anfitrioia izaten jarraituko du, eta Dublinen jokatzekoak ziren neurketak San Petersburgon eta Londresen jokatuko dira.

UEFAk berak asteazkenean iragarri zuen Bilbok Eurokopako partiden egoitza izateari utzi ziola pandemiaren ondorioz harmailetan publikoa izatea bermatzerik ez zuelako. Orain, Bizkaiko hiriburuaren lekua Sevillak hartuko duela adierazi dute, eta Cartujak Espainia, Suedia, Polonia eta Eslovakiako selekzioen partidak hartuko ditu.

Bestalde, Munichek, bertan jokatzen diren partidetan gutxienez 14.500 ikusle izango dituela konfirmatu du.

"Tokiko agintariek hartutako erabakiaren ostean, argi geratu zen oso zaila izango litzatekeela egoitza horietan ikusleak partidetara sartzea. Ondorioz, eta Espainiako Futbol Federazioaren laguntzarekin, UEFAk partida horiek herrialde bereko beste hiri batera eramatea proposatu zuen. Helburua zaleak zelaira sartzea da, urtebete futbola estadioetan zuzenean ikusi barik egon ostean", adierazi du UEFAk, komunikatu batean.

"Erabaki honek jai-giroa ekarriko du UEFAk duen selekzioen arteko txapelketarik garrantzitsuenaren partidetara", azpimarratu dute.

Ondorioz, Espainiak Cartujan jokatuko du ekainaren 14an Suediaren aurka, ekainaren 19an Poloniaren aurka eta ekainaren 23an Eslovakiaren aurka.  

Eskerrak eman dizkiote Bilbori

Halaber, UEFAk, "eskerrak" eman eta "aintzatestea" agertu die Bilbo eta Dublin hiriei, biak "etorkizunean UEFAko ekitaldiak hartzeko gai direla" azpimarratuz, estatuetako zein tokiko gobernuei, eta interesa izan dute tokiko eragileei "azken urteetan erakutsitako ardura eta profesionaltasunagatik, eta egindako ahaleginengatik".