Itxi

Futbola

32. jardunaldia

Realak garaipena eskuratu du Ipuruan eta Eibar hondoratu du (0-1)

A. A. | EITB MEDIA

Isak aurrelari suediarraren gol bakartia nahikoa izan zaie txuri-urdinei hiru puntuak eskuratzeko. Armaginek, bestalde, beste pauso bat eman dute jaitsierarako bidean.

0
Eibar – Real Sociedad partidako laburpena eta gol guztiak

Realak garaipen baliotsua lortu du Eibarren aurrean (0-1) bere Europako postua defendatzeko; armaginek, berriz, ezinean jarraitzen dute eta jaitsierarako beste pauso bat eman dute.

Talde txuri-urdinak Europan jokatzeko beste hautagaien emaitzak baliatu ditu bosgarren postua sendotzeko, eta orain hiru puntuko aldea dauka Betisekiko eta laukoa Vila-realekiko.

Jose Luis Mendilibarren mutilek oso zail ikusten dute Lehen Mailari eusteko aukera, hamaseigarren jardunaldia kateatu baitu hiru puntuak lortu gabe, eta bosgarren porrota jaso dute jarraian. Hartara, salbaziotik zazpi puntura jarraitzen dute jokoan 15 puntu besterik ez daudenean.

Derbiak zirrara izan du amaierara arte, emaitza estuagatik, baina ez du distira gehiegirik izan. Talde bakoitzak zati bana menderatu du, eta Alexander Isakek lehen ordu erdia baino lehentxeago sartu duen gola erabakigarria suertatu da. Suediarrari Le Normandek korner baten ostean buruz ukitutako baloia heldu zaio area barruan bakar-bakarrik zegoela, eta ez du barkatu Dimitrovicen aurrean.

Realeko aurrelariak derbia guztiz erabakita uzteko parada izan du bigarren zatiaren hasieran, Coteren hutsegite baten ostean, baina ez du asmatu armaginen atezainaren aurrean izan duen buruz burukoan.

Eibarrek hobera egin du atsedenaldiaren ostean, baina ez zaio nahikoa izan, agerian utzi baitu erasoari begira dituen arazoak. Edu Expositok eta Arbillak izan dituzte bi abagune onenak, azken minutuetan gutxienez puntu bat urratzeko, baina Remirok ondo erantzun du.

Horrela, armaginek gero eta urrutiago dituzte salbazio lortzeko itxaropenak; Realak, ostera, bosgarren postua sendotu du, eta abantaila hartu du Europarako bidean Vila-realekiko eta Betisekiko.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Dmtrovic, Pozo (Correa, 31. min), Oliveira, Arbilla, Cote, Diop (Muto, 67. min), Atienza (Enrich, 79. min), Pedro León (Expósito, 46. min), Recio, Bryan Gil eta Kike García.

1 - Real Sociedad: Remiro, Gorosabel (Zaldua, 84. min), Zubeldia, Le Normand, Monreal, Barrenetxea (Guridi, 62. min), Guevara, Zubimendi, Oyarzabal (Merquelanz, 84. min), Portu (Bautista, 72. min), e Isak (Januzaj, 72. min).

Gola: 0-1: Isak, 26. min.

Epailea: Jorge Figueroa Vázquez. Txartel horiak: Recio, Oliveira, Cote, Bryan Gil eta Muto (Eibar); Zubimendi (Reala).