Itxi

Futbola

EURO 2020

Frantzia, garaile Alemaniaren aurkako lehia ikusgarrian

A. B. E. | EITB Media

Selekzio frantziarra nagusitu da talde alemaniarraren kontra (1-0) jokatu duen F multzoko lehen jardunaldiko norgehiagokan. Hummelsek bere atean sartu du partidako gol bakarra.

  • Frantzia

    Frantziako jokalariak, Hummelsek bere atean gola sartu ostean. Argazkia: EFE

Frantziak garaipena lortu du Alemaniaren aurka (1-0) Municheko Allianz Arenan jokatu duen Eurokopako F multzoko lehen jardunaldiko partidan. Hiru puntuak lortu ditu Didier Deschampsek zuzentzen duen selekzioak, eta multzoko bigarren postuan da, Portugal liderrarekin berdinduta.

Erritmo biziarekin ekin diote neurketari bi taldeek, baina kosta egin zaie abagune argiak sortzea hasierako minutuetan. Frantziak izan du gola sartzeko lehen aukera, baina Pogbaren errematea kanpora joan da. Hurrengo jokaldian, Neuer atezainak erantzun bikaina eman dio Mbapperen jaurtiketari. Ekinean jarraitu du Frantziak, eta saria jaso du 20. minutuan; Lucas Hernandezek erdiraketa egin, eta Hummelsek bere atean sartu du gola (1-0).

Alemaniaren erantzuna gola jaso eta jarraian iritsi da, baina Müllerren erremateak ez du aurkariaren atea zulatzea lortu. Pixkanaka, Alemania hasi da nagusitzen, baina falta jaurtiketa arriskutsu bi alferrik galdu ditu Krossek. Atsedenaldira iritsi aurretik, alemaniarrek beste abagune bat izan dute; Gündoganek, ordea, jaurtiketa kaskarra egin du area barruan aldaratzea jaso ostean.

Bigarren zatiak ere hasiera eroa izan du. Frantziak abagune argia izan du norgehiagokako 51. minutuan, baina Rabioten jaurtiketa kanpora joan da, Mbapperen pase bikaina jaso ostean. Minutu bat geroago etorri da Alemaniaren erantzuna, eta Gnabryren jaurtiketa oso gutxigatik ez da aurkariaren atean sartu. Alemaniako selekzioa berdinketaren bila abiatu da, eta gertu izan du 58. minutuan, baina Lloris nagusitu da Gnabryren aurkako buruz burukoan.

Frantzia ez da eraso ibili bigarren zatian. Sufritzea egokitu zaio Deschampsek zuzentzen duen selekzioari, nahiz eta kontraerasoan min egin dion Alemaniari. 66. minutuan, Mbappek gol ikusgarria sartu du, baina aurrelari frantziarra jokoz kanpo zegoen eta epaileak baliogabetu egin du. Hogei minutu geroago, Benzemak gola egin du Frantziarentzat, baina hori ere baliorik gabe utzi du epaileak, Real Madrileko aurrelaria jokoz kanpo zegoelako baloia jaso duenean.

Azken txanpan, erasora jo du Joachim Lowk zuzentzen duen selekzioak, eta Frantziari defentsan lan eginarazi dion arren, ez da gola egiteko gai izan. Amaieran, garaipena eta hiru puntuak Frantziarentzat.

Fitxa teknikoa:

1 - Frantzia: Lloris; Pavard, Varane, Kimpembe, Hernandez; Kante, Rabiot (Dembele, 94. min), Pogba; Griezmann, Mbappe eta Benzema (Tolisso, 89. min).

0 - Alemania: Neuer; Ginter (Can, 87. min), Hummels, Rudiger; Kimmich, Gundogan, Kroos, Gosens (Volland, 88. min); Havertz (Sane, 74. min), Müller eta Gnabry (Werner, 74. min).

Gola: 1-0, 20. min: Hummels (bere atean).

Epailea: Carlos del Cerro Grande (Espainia). Txartel horia atera dio Kimmich (7. min) Alemaniako jokalariari.