Itxi

Futbola

TOKIO 2020 | FUTBOLA

Espainiak Argentinarekin berdindu du Mikel Merinoren golarekin, eta final-laurdenetan egongo da

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Realeko jokalariak aurretik jarri du Espainiako taldea, baina hegoamerikarrek berdinketa lortu dute neurketaren azken txanpan.

  • Mikel Merino eta Mikel Oyarzabal gola ospatzen taldeko beste kideekin.

    Mikel Merino eta Mikel Oyarzabal gola ospatzen taldeko beste kideekin. Argazkia: EFE

Espainiako futbol selekzioa Tokioko Olinpiar Jokoetako final-laurdenetara sailkatu da asteazken honetan, multzoen faseko azken jardunaldian Argentinarekin berdindu eta gero (1-1). Hala, larunbatean Boli Kostaren aurkako arituko da 10:00etatik aurrera.

Sapporo Domeko bere hirugarren neurketan, Luis de la Fuentek entrenatutako taldea nagusi izan da jokoan, eta bigarren zatiaren erdian aurreratu da Mikel Merino Realeko jokalariaren bitartez. Dena den, beren burua lehiaketatik kanpo ikusita, argentinarrek gora jo dute, eta Tomas Belmontek emaitza orekatzea lortu du korner batean, azken minutuei zirrara emateko.

Hala ere, Espainiak ez du estutasunik izan puntua eta lehen postua ziurtatzeko, Egiptoren emaitza lagun zuela (2-0 irabazi dio Australiari ezustean). Bide batez, afrikarrak ere final-laurdenetara igaro dira Australia eta Argentina kanpoan utzita.

Fitxa teknikoa:

1 - Espainia: Unai Simón; Óscar Gil (Moncayola, 87. min), Eric García, Pau Torres, Cucurella; Zubimendi, Mikel Merino (Vallejo, 87. min); Asensio, Pedri (Carlos Soler, 73. min), Olmo (Bryan Gil, 85. min); Oyarzabal (Rafa Mir, 73. min).

1 - Argentina: Ledesma, Herrera, Pérez, Medina, Bravo (Mosevich, 83. min); Vera (Colombato, 55. min), Belmonte; Urzi, Mac Allister (Payero, 55. min), Barco (de la Vega, 46. min); Gaich.

Golak: 1-0, 65. min: Merino. 1-1, min. 87. min: Belmonte.

Epailea: Ismail Elfath (Ameriketako Estatu Batuak Estados Unidos). Txartel horiak: Óscar Gil (Espainia); Nehuén Pérez, Colombato, Payero, Bravo eta Mosevich (Argentina).