Itxi

Futbola

NAZIOEN LIGA

Frantziak Belgika garaitu du partida zoro batean, eta finalean izango da (2-3)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Belgikarrak 2-0 joan dira irabazten atsedenaldira, baina Deschampsen mutilak markagailua iraultzeko gai izan dira bigarren zatian.

  • Frantziako jokalariak euren hirugarren gola ospatzen.

    Frantziako jokalariak euren hirugarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Frantzia Nazioen Ligako finalean izango da igandean, Belgikari 2-3 irabazi baitio ostegun honetan, neurketa bizi bezain zoroan. Belgikarrak nagusi izan dira lehen zatian, eta 2-0eko aldeko markagailuarekin joan dira atsedenaldia, merezimendu osoz, Yannick Carrascoren eta Romelu Lukakuren golei esker.

Ondoren, frantziarren txanda iritsi da, eta markagailua iraultzeko gai izan dira, Karim Benzemak, Kylian Mbappek (penaltiz) eta Theo Hernandezek (neurketako luzapenean) sartutako golekin.

Hernandezen golaren aurretik, Frantziak gertu izan du 2-3koa beste jokaldi batean ere, Paul Pogbak maisuki jaurtitako zuzeneko falta baten bidez, hain zuzen ere; alabaina, Manchester United taldeko erdilariaren ahaleginak zutoinaren aurka jo du.

Belgikarrek ere izan dute neurketa bereganatzeko aukerarik, eta, hala, norgehiagoka amaitzear zegoela Lukakuk gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du; izan ere, aurrelaria jokoz kanpo egon da.

Ondorioz, frantziarrak izango dira igandean Milanen Espainiako selekzioaren aurka arituko direnak. Espainia atzo sailkatu zen, Italiari 1-2 irabazita.

Fitxa teknikoa:

2 - Belgika: Courtois; Alderweireld, Denayer, Vertonghen; Castagne (Batshuayi, min. 92), Witsel, Tielemans (Vanaken, 70. min), Carrasco; De Bruyne, Hazard (Trossard, 75. min) eta Lukaku.

3 - Frantzia: Lloris; Koundé, Varane, Lucas Hernández; Pavard (Dubois, 92. min), Rabiot (Tchouameni, 76. min), Pogba, Theo Hernández; Griezmann; Benzema (Veretout, 96. min) eta Mbappé.

Golak: 1-0, 37. min: Carrasco; 2-0, 41. min: Lukaku; 2-1, 61. min: Benzema; 2-2, 70. min: Mbappé (penaltiz); 2-3, 91. min: Theo.

Epailea: Daniel Siebert (Alemania). Txartel horiak: Toby Alderweireld (67. min).