Itxi

Futbola

Ghanako selekzioarekin arituko dela baieztatu du Iñaki Williamsek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

"Nire sustraiekin bat egiteko unea iritsi da", adierazi du bere sare sozialetan argitaratutako bideo batean.

  • Iñaki Williams, Athleticekin jokatutako neurketa batean

    Iñaki Williams, Athleticekin jokatutako neurketa batean. Argazkia: EFE

Iñaki Williams Athleticeko aurrelariak astearte honetan iragarri duenez, Ghanako selekzioarekin jokatuko du "gaurtik aurrera", beraz, litekeena da Qataren jokatuko den hurrengo Munduko Txapelketan egotea bere gurasoak jaio ziren herrialdeko selekzioarekin.

28 urteko aurrelariak, 21 urtez azpiko selekzioan hainbat partida jokatutakoak, 2016ko maiatzaren 29an egin zuen debuta Espainiako selekzioarekin, Vicente del Bosqueren eskutik, baina ez partida ofizialean, baizik eta Bosniaren aurkako lagunarteko partida batean.

"Gaur erronka handi bat hasten da. Gaurtik aurrera, Ghanaren kamiseta defendatuko dut nire balioak presente ditudala, eta beti nire onena emanez. Hala, 'The Black Stars (Izar beltzak)' taldeko beste bat naiz", adierazi du Bilbon jaiotako aurrelariak sare sozialetan argitaratutako bideo batean.

Bideoan, Williams anaietako zaharrenak -Nico txikiak ere Athleticen jokatzen du- gogoeta egiten du bere bizitzaz, familiaz eta Ghanarekin aritzera bultzatu duten arrazoiez.

"Bizitzan ematen dugun urrats bakoitzak esanahi bat du, eboluzio bat, etorkizunari begirada bat, eta horrek aztarna bat uzten du, ondare bat. Gurasoek umiltasunean, errespetuan eta maitasunean oinarritutako balioak irakatsi dizkidate beti. Haiek erakutsi didate nola egin behar diodan aurre bizitzari, pertsona eta profesional gisa hobetzeko hazten eta lan egiten jarraitzeko etengabeko borroka honetan", adierazi du.

"Horrexegatik sentitzen dut garaia iritsi dela nire sustraiekin eta neure buruarekin bat egiteko, eta Afrikak eta Ghanak nire familiarentzat eta niretzat esan nahi duten guztiarekin", gaineratu du.