Itxi

Futbola

2022ko EUROKOPA

Lucia Garcia eta Irene Paredes, golegile Espainiak Finlandiaren aurka lortutako garaipenean (4-1)

A. A. | EITB MEDIA

Espainiako selekzioa galtzen hasi bada ere, partida irabazteko gai izan da hiru burukadari esker eta penalti puntutik sartutako gol batekin.

  • Lucia Garcia, bere gola ospatzen.

    Lucia Garcia, bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

Espainiako selekzioak garaipen garbia lortu du Finlandiaren aurka (4-1) Ingalaterran jokatzen ari den Europako Futbol Txapelketan, B multzoari zegokion 1. jardunaldiko neurketan. Dena dela, Jorge Vildak zuzentzen duen taldeak gaizki ekin dio lehiari, minutua bete orduko atzetik baitzen.

Hala ere, hasierako ezustekoari buelta emateko gai izan dira, finlandiarrak baino kalitate gehiago zutela jakinda, baina, batez ere, korner eta hegaletako erdiraketak baliatuta. Izan ere, Espainiako selekzioak lortu dituen lau goletatik hiru (lehendabiziko hirurak) buruz sartutakoak izan dira, eta zeregin horretan protagonismo zuzena izan dute Irene Paredes eta Lucia Garcia euskal jokalariek.

Hala, Bartzelonan jokatzen duen atzelariak lortu du norgehiagoka orekatu duen tantoa, korner baten ostean (25. minutua); Bilboko aurrelariak, ostera, bere taldeari erabateko lasaitasuna ekarri dion hirugarrena erdietsi du bigarren zatiko 75. minutuan, Mapi Leonek erdiratutako falta batean.

Aurretik, oraindik lehen zatian, Aitana Bonmatik egin du Espainiaren bigarrena. Azken gola, berriz, Mariona Caldenteyk erdietsi du penalti puntutik, neurketaren luzapenean.

Fitxa teknikoa:

4 - Espainia: Paños; Batlle, Paredes, León, Leila (Sheila García, 60. min); Guijarro, Guerrero (Aleixandri, 60. min), Bonmatí (Athenea, 78. min); Lucía García (Claudia Pina, 85. min), Caldentey eta Esther (Cardona, 78. min).

1 - Finlandia: Korpela; Hyyrynen (Kuikka, 66. min), Westerlund, Pikkujämsä, Koivisto; Engman (Sainio, 46. min), Summanen (Ahtinen, 84. min), Alanen, Öling (Rantanen, 86. min); Sällström eta Franssi (Danielsson, 84. min).

Golak: 0-1, 1. min: Sällström. 1-1, 25. min: Paredes. 2-1, 44. min: Bonmatí. 3-1, 75. min: Lucía García. 4-1, 95. min: Caldentey, penaltiz.

Epailea: Kateryna Monzul (Ukraina). Txartel horiak: Paredes (Espainia); Alanen (Finlandia).