Itxi

Futbola

Arrazakeria

Balotelli: 'Norbaitek banana bat botatzen badit, akabatuko dut'

Erredakzioa

"Arrazakeria baldin badago, berdegunea utzi eta etxera bueltatuko naiz. Arrazakeria onartezina da, ezin dut jasan. 2012. urtean gaude, ezin daiteke gertatu", adierazi du Italiako aurrelariak.

  • Mario Balotelli Italiako aurrelaria (ezk). Argazkia: EFE

    Mario Balotelli Italiako aurrelaria (ezk). Argazkia: EFE

Mario Balotelli Italiako aurrelariak Eurokopan jazo litezkeen jarrera arrazistak irmo gaitzetsi ditu gaur. Arrazakeria azaltzen bada zelaia utziko duela ohartarazi du. Platanoren bat botatzera ausartzen dena akabatu egingo duela erantsi du Manchester Cityko jokalariak.

BBC kateko 'Panorama' saioan Ukraina eta Poloniako Eurokopara ez joatea gomendatu zuen Sol Campbell Ingalaterrako selekzioko jokalari ohiak eta azken egunetan adierazpenek polemika sortu dute. Eraso arrazisten arriskua mahai gainean jarri zuen Campbellek: "Etxean geratu, telebistan ikusi. Ez arriskatu, hilkutxa baten barruan itzuli zaitezketelako".

Orain, Campbellen adierazpenak babestu eta erasorik onartuko ez duela ohartarazi du Balotellik. "Arrazakeria baldin badago, berdegunea utzi eta etxera bueltatuko naiz. Arrazakeria onartezina da, ezin dut jasan. 2012. urtean gaude, ezin daiteke gertatu. Norbaitek kalean platano bat botatzen badit, espetxera eramango naute, pertsona hori akabatu egingo dudalako", adierazi du bbc.com-en.