Futbola
Eurocopa 2012
Danimarkak ezustekoa eman du Holandari 0-1 irabazita
Erredakzioa
Krohn-Dehlik sartu du partidako gol bakarra lehen zatiko 23. minutuan. Danimarkarrek bikain ekin diote Eurokopari eta Holanda zailtasunetan da heriotzaren multzo honetan.
Danimarkak ezustekoa eman du Polonian eta Ukranian jokatzen ari den Eurokopan. Danimarkarrek, 0-1 irabazi diote Holandari B multzoko lehen partida.
B multzoa, heriotzaren multzo moduan ezagutzen da Alemania eta Portugal ere multzo honetan baitaude Danimarkarekin eta Holandarekin batera. Garrantzitsua zen multzo honetan ondo hastea, baina Holandak ez du helburua lortu.
Danimarkak eta Holandak ez zuten ikuskizun ona eman eta partida nahiko kaskarra izan zen. Holandak baloiaren jabetza izan zuen lehen zatian, baina ez zuen gol aukera argiegirik sortu. Bestalde, Danimarka taktikoki bikain kokatuta egon zen eta aurrealdean eraginkorrak izan ziren. Norgehiagokako 23. minutuan etorri zen danimarkarren gola Krohn-Delhiren eskutik (0-1).
Holandak partida berdintzeko aukeraren bat izan zuen bigarren zatian. 75. minutuan izan zuten neurketa berdindu ahal izateko aukera, baina Huntelaarrek kale egin zuen Sneijderren pase dotore bat hartu eta Andersen atezainaren aurrean kale egin zuenean. Azken minutuetan, Holandako jokalariek penaltia eskatu zuten Danimarkako jokalari batek area barruan baloia eskuarekin jo omen zuelako, baina epaileak ez zuen penaltia adierazi eta garaipenak ez zion ihes egin Danimarkari (0-1).
Fitxa teknikoa:
0. Holanda: Maarten Stekelenburg; Van der Wiel (Kuyt, min.85), Heitinga, Vlaar, Jetro Willems; Van Bommel, Nigel de Jong (Van der Vaart, min.71), Robben, Wesley Sneijder; Ibrahim Afellay (Huntelaar, min.71) eta Robin van Persie.
1. Danimarka: Andersen; Jacobsen, Kjær, Agger, Simon Poulsen; Zimling, Kvist; Rommedahl (Mikkelsen, min.85), Eriksen (Schone,
min,46), Krohn-Dehli; eta Bendtner.
Gola: 0-1, min.23: Krohn-Dehli.
Epailea: Damir Skomina.