Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

Qatar 2022

Portugalek mendean hartu du Suitza (6-1) eta Maroko izango du aurkari final-laurdenetan

EITB Media

Portugalgo selekzioak 6 eta 1 irabazi dio Suitzakoari Munduko Txapelketako final-zortzirenetako partida. Gonçalo Ramos izan da norgehiagokako izarra, hiru gol sartuta.

  • Gonçalo Ramos

    Gonçalo Ramos (Portugal), Suitzari sartu dizkion hiru goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Portugalek mendean hartu du Suitza 6-1eko emaitzarekin Qatarko Munduko Txapelketako final-zortzirenetako partidan. Final-laurdenetan Maroko izango dute aurkari portugaldarrek.

Erakustaldia eman du Portugalek. Gonçalo Ramos izan da neurketako izarra, hiru gol (ht-trick) sartuta. Ramosek hasieratik jokatu du hamaikakoan Cristiano Ronaldo ordezkatuta. Ronaldok aulkian ekin dio lehiari, eta 74. minutuan zelairatu da.

Hasieratik amaieraraino nagusi izan dira portugaldarrak. Gonçalo Ramosek sartu du 1-0ekoa 17. minutuan, eta Pepek jarri du 2-0ekoa markagailuan, 33. minutuan. Atsedenaldira gol gehiagoko errentarekin joateko aukera izan du Portugalgo selekzioak, baina barkatu egin du aurkariaren ate aurrean.

Atsedenaldiaren otean, ez da partidaren gidoia aldatu, eta Portugalek neurketa erabakita utzi du Gonçalo Ramosek (3-0) eta Raphael Guerrerirok (4-0) sartutako golei esker, 51. eta 55. minutuetan hurrenez hurren.

Akanjik Suitzaren desabantaila murriztu du 4 eta 1ekoa markagailuratuta, bigarren zatiko lehen ordu laurdena bete baino lehenago. Hala ere, Portugal ez da urduri jarri, nagusi izaten jarraitu du, eta Gonçalo Ramosek norgehiagokako bere hirugarren gola sartu du (5-1), 67. minutuan.

Luzapenean, Leaok biribildu du Portugalen erakustaldia (6-1).

Fitxa teknikoa:

6 - Portugal: Diogo Costa; Dalot, Pepe, Ruben Dias, Raphael Guerreiro; Otavio (Vitinha, 73. min), William Carvalho, Bernardo Silva (Ruben Neves, 81. min); Bruno Fernandes (Rafa Leao, 87. min); Gonçalo Ramos (Cristiano Ronaldo, 74. min) eta João Felix (Ricardo Horta, 73. min).

1 - Suitza: Sommer; Fernandes, Schär (Comert, 46. min), Akanji, Rodriguez; Freuler (Zakaria, 54. min), Xhaka; Shaqiri, Sow (Seferovic, 54. min), Vargas (Okafor, 66. min); eta Embolo (Jashari, 89. min).

Golak 1-0, 17. min: Gonçalo Ramos. 2-0, 33. min: Pepe. 3-0, 51. min: Gonçalo Ramos. 4-0, 55. min: Raphael Guerreiro. 4-1, 58. min: Akanji. 5-1, 67. min: Gonçalo Ramos. 6-1, 92. min: Rafa Leao.

Epailea: Cesar Ramos (Mexiko). Txartel horiak atera dizkie Schar (43. min) eta Comert (59. min) Suitzako jokalariei.