Futbola
2012ko Eurokopa
Txekiar Errepublikak aurrerapausoa eman du Greziari 1-2 irabazita
Erredakzioa
Lehen sei minutuetan maldan behera jarri zaie partida txekiarrei Jiraceken eta Pilarren golei esker (0-2). Greziarrek aldeak murriztu dituzte Gekasen golari esker, baina ez dira berdintzeko gai izan.
Txekiar Errepublikak 1-2 irabazi dio Greziari, Eurokopako A multzoko bigarren jardunaldian. Garaipen honekin, aurrerapausoa eman dute txekiarrek, eta hurrengo fasera sailkatzeko aukera asko dituzte.
Sei minutuan maldan behera jarri zaio partida Txekiar Errepublikari. Jiracekek 0-1koa sartu du hirugarren minutuan, eta Pilarrek 0-2koa egin du seigarren minutuan. Greziarrek ez dute ia gol aukerarik sortu lehen zatian. Bigarrenean, ordea, hasi eta berehala murriztu dute desabantaila. Gekasek 1-2koa sartu du Peter Cech atezainaren hutsaz baliatuta. Azken minutuetan Grezia berdinketa lortzen saiatu da area barrura erdiraketa ugari bidalita, baina txekiarrak sendo egon dira defentsako lanean. Garaipenak ez dio ihes egin Txekiar Errepublikari (1-2).
Fitxa teknikoa:
1 - Grezia: K. Chalkias (18. min, M. Sifakis); V. Torosidis, K. Papadopulos, K. Katsuranis, I. Cholevas; J. Fotakis (46. min, T.Gekas), J. Maniatis; J. Karagunis; D. Salpingidis, J. Samaras, K. Fortunis.
2 - Txekiar Errepublika: P.Cech; T. Gebre Selassie, T. Sivok, M. Kadlec, D. Limbersky; P. Jiracek, T. Hübschman, J. Plasil, T. Rosicky (46. min, D.Kolar) (90. min, F.Rajtoral), V. Pilar, M. Baros (64. min, T.Pekhart)
Golak: 0-1, 3. min: Jiracek. 0-2, 6:. min Pilar. 1-2, 53. min: Gekas.
Epailea: Stephane Lannoy (Frantzia).