Futbola
Fitxaketa
Aitor Karanka, Makabi Tel Aviv taldeko entrenatzaile berria
EITB MEDIA
Entrenatzaile gasteiztarrak denboraldi honetarako eta hurrengorako sinatu du. Vladmir Ivic serbiarra ordezkatuko du; izan ere, Ivic Krasnodarrek fitxatu du. Makabi Tel Aviv bigarren postuan dago, sailkapenean, Israelgo Ligan.
-
Aitor Karanka, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Aitor Karanka Makabi Tel Aviv taldeko entrenatzaile berria da, israeldar klubak asteazkenean ohar bidez jakitera eman duenez. Karankak, 49 urtekoa bera, denboraldi honetarako eta hurrengorako sinatu du, eta Vladmir Ivic serbiarra ordezkatuko du; izan ere, Ivic Krasnodarrek fitxatu du, Kopako zortzirenetan Bnei Sakhnin taldeari 5-0 gailendu ostean.
Gasteiztar entrenatzailearen iritziz, Tel Aviveko taldeak proiektu "sendoa" du. Azken taldea Granada izan du; azaroaren hasieran kargugabetu zuten, nahiz eta taldea ondo sailkatuta zuen LaLiga SmartBanken, Lehen Mailara igotzeko lehian sartzeko moduan.
Aurretik, Athleticeko jokalari ohia Espainiko selekzioan ibili da entrenatzaile, gazte mailetan, Real Madrilen Jose Mourinhoren laguntzaile gisa, eta, Ingalaterran, Middlesbrough, Notingham eta Birmingham City taldeetan.
Etxean hasiko da Karanka, larunbatean, MS Ashdod taldearen aurka. Esan duenez, "hunkituta eta harro" dago, Makabi Tel Aviven izateagatik, kontuan izanik historia handiko taldea dela. Egun, Ligako bigarren postuan dago, Makabi Haifa taldetik sei puntura. Conference Leaguetik kanporatuta izanda, Ligan eta Kopan du jomuga.