Itxi

Futbola

Kluben Munduko Txapelketa

Real Madrilek eta Al Hilalek jokatuko dute Kluben Munduko Txapelketako finala

A. B. E. | EITB Media

Espainiako taldeak Al Ahly mendean hartu du (1-4) finalerdietan, eta Saudi Arabiakoak Flamengori irabazi dio (2-3).

  • Real Madril

    Real Madrileko jokalariak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Real Madrilek eta Al Hilalek jokatuko dute 2023ko Kluben Munduko Txapelketako finala datorren larunbatean, otsailaren 11n, Marokon. Bestalde, Flamengo eta Al Ahly arituko dira nor baino nor gehiago 3. eta 4. posturako partidan.

Asteazken honetan (otsailak 8), Real Madrilek mendean hartu du Al Ahly 1-4ko emaitzarekin finalerdietan. Espainiako taldeak sufritu egin behar izan du finalerako txartela lortzeko. Egiptoko taldeak estutasunetan jarri du Real Madril, baina ezin izan du ezustekoa eman.

Viniciusek sartu du lehen gola (0-1) atsedenaldiaren aurretik, 42. minutuan. Bigarren zatiko lehen minutuan, Fede Valverdek jarri du 0-2koa markagailuan. Bazirudien neurketa erabakita zegoela, baina Al Ahlyek desabantaila murriztu du Ali Maaloulek penaltiz sartutako golari esker (1-2). Azken txanpan, markagailua parekatzeko abaguneak izan ditu Al Ahlyek, baina barkatu egin du aurkariaren ate aurrean.

Real Madrilek finalerdia erabakita uzteko aukera paregabea eduki du 85. minutuan, baina Elshenawy atezainak gelditu egin du Modricen penalti jaurtiketa. Hala ere, luzapenean bi gol sartuta biribildu du garaipena Espainiako taldeak; Rodrygok jarri du markagailuan 1-3koa, 92. minutuan, eta Arribasek 1-4koa, 98.ean.

Fitxa teknikoa:

1 - Al Ahly: El Shenawy; Mohamed Hany, Mahmoud Metwali, Abdel Monem, Ali Maaloul; Aliou Dieng (Fathi, 61. min), El Shahat (Taher, 75. min), Afsha (Kahraba, 88. min), Al-Sulaya; Abdelkader eta Sherif (Percy Tau, 61. min).

4 - Real Madril: Lunin; Nacho, Rüdiger, Alaba, Camavinga; Tchouameni, Kroos (Ceballos, 77. min), Modric (Odriozola, 95. min); Fede Valverde, Vinicius (Arribas, 97. min) eta Rodrygo (Mariano, 95. min).

Golak: 0-1, 42. min: Vinicius. 0-2, 47. min: Valverde. 1-2, 65. min: Maaloul, penaltiz. 1-3, 92. min: Rodrygo. 1-4, 98. min: Arribas.

Epailea: Andres Matonte (Uruguai). Txartel horiak atera dizkie Abdel Monem (84. min) eta Tchouameni (84') Al Ahly eta Real Madrileko joklariei hurrenez hurren.

Al Hilalek ezustekoa eman zuen

Asteartean (otsailak 7) jokatu zen finalerdian, Al Hilalek garaipena bereganatu zuen Flamengoren aurka (2-3), eta finalerako sailkatu zen.

Neurketako laugarren minutuan, Al-Dawsarik sartu zuen 0-1ekoa, penaltiz, Saudi Arabiako taldearentzat, baina 16 minutu geroago, Pedro Guilherme Abreu dos Santosek banakoa jarri zuen markagailuan (1-1). Atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, epaileak Al Hilalen aldeko penaltia adierazi zuen, eta Flamengo jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Gerson Santos da Silvak bigarren txartel horia ikusi baitzuen. Penaltia Al-Dawsarik jaurti eta gola sartu zuen (1-2).

Neurketako 70. minutuan, Luciano Viettok sartu zuen Saudi Arabiako taldearen hirugarren gola (1-3). Flamengori guztiz maldan gora jarri zitzaion partida, eta 91. minutuan Pedro Guilherme Abreu dos Santosen beste gol batekin desabantaila murriztu bazuen ere (2-3), ezin izan zuen luzapena behartu. Ondorioz, Al Hilalek lortu zuen finalerako txartela lehen finalerdia 2-3 irabazita.

Fitxa teknikoa:

2 - Flamengo: Santos; Mateuzinho, David Luiz, Leo Pereira (Fabricio Bruno, 46. min), Ayrton Lucas; Thiago Maia (Vidal, 81. min), Gerson; Everton Ribeiro (Everton, 68. min), Gabriel, De Arrascaeta (Pulgar, 46. min); eta Pedro.

3 - Al Hilal: Almayouf; Saud, Jang, AL Bulayhi, Khalifah (Nasser, 65. min); Cuellar, Carrillo, Salem Aldawsari; Marega, Vietto (Jahfali, 87. min) eta Ighalo (Michael, 57. min).

Golak: 0-1, 4. min: Salem Al-Dawsari, penaltiz. 1-1, 20. min: Pedro. 1-2, 53. min: Salem Al-Dawsari, penaltiz. 1-3, 70. min: Vietto. 2-3, 91. min: Pedro.

Epailea: Istvan Kovacs (Errumania). Txartel horia atera die Flamengoko jokalari hauei: Gabriel (17. min), David Luiz (42. min), Pulgar (56. min) eta Thiago Maia (72. min). Al Hilaleko honako futbolari hauek ere ikusi dute txartel horia: Vietto (42. min), Khalifah (62. min) eta Jahfali (88. min). Gainera, epaileak Gerson egotzi du, bi txartel hori aterata (15 eta 53. min).