Futbola
Premier League
Javi Gracia, Leeds United taldeko entrenatzaile berria
EITB MEDIA
Nafarra, besteak beste, Osasunaren entrenatzailea izan da, eta esperientzia du Premier League txapelketan, Watforden. Leeds United hemeretzigarren postuan dago, jaitsiera saihesteko lehian.
-
Javi Gracia Leeds Unitedek Premier Leaguen jarraitzea saiatuko da. Argazkia: EFE.
Javi Gracia nafarra Leeds United taldeko entrenatzaile berria da, asteartean Ingalaterrako klubak iragarri duenez. Gracia, besteak beste, Osasunaren entrenatzailea izan da, eta esperientzia du Premier League txapelketan, Watforden; Leeds United, alegia, hemendik aurrera zuzenduko duen taldea, hemeretzigarren postuan dago sailkapenean, jaitsiera saihesteko lehian.
Leeds Unitedek ohar bidez iragarri du akordioa itxi duela Graciarekin "kontratu malgua" adosteko. 52 urteko entrenatzaileak, lan baimena eskuratuz gero, larunbatean honetan egin lezake debuta talde berriarekin, alegia, Premier Leagueko hurrengo jardunaldian, Southamptonen aurkako neurketan, Elland Road futbol zelaian, Leeds Uniteden etxean.
Graciak esperientzia du Premier Leaguen. Urtebete eta erdi eman zuen Watford taldea entrenatzen, eta 2019an Ingalaterrako Kopako finalera iritsi zen, baina Manchester City nagusitu zitzaion.
2013-14 denboraldian, Osasuna entrenatu zuen, eta, horrez gain, besteak beste, talde hauetan ibili da: Malaga, Rubin Kazan, Valentzia eta Al Sadd. 2022ko ekainean utzi zuen Qatarko talde hori. Orain, Leeds Uniteden dago; jaitsiera postuetan dago, eta postu horietatik at dagoen lehen taldeak, Bournemouthek, Leedsek baino bi puntu gehiago ditu.