Futbola
Gaur, 20:45ean
Espainiak finalerdietarako sailkatzeko Frantzia kanporatu beharko du
Erredakzioa
Portugalen aurka finalerdia jokatzeko Vicente Del Bosqueren mutilek txapelketa ofizial baten aurrenekoz gainditu beharko dute Frantzia. Laurent Blancen mutilek ezustekoa emateko abagune ederra dute.
Espainiak Frantzia txapelketa ofizial baten aurrenekoz gainditu beharko du finalerdietarako txartela lortzeko. Espainiako selekzioak bigarren Eurokopa jarraian irabazteko aukera du, baina aurrean Laurent Blancen taldea izango du. Garaileak Portugalen aurka jokatuko du finalerako txartela eskuratzeko norgehiagoka.
Vicente Del Bosqueren mutilek C multzoko lidergoa lortuta jokatuko dute final-laurdena. Multzoetako faseko azkeneko neurketan Espainiak 0-1 gainditu zuen Kroazia. Jesus Navasek gol erabakigarria lortu zuen, eta iberiarrek moral handiarekin jokatuko dute final-laurdena. Frantziak, aldiz, azkeneko norgehiagokan D multzoko lidergoa galdu zuen Suediaren aurka 2-0 galduta. Galiarrek suediarren aurkako porrot mingarria ahaztu beharko dute, aurrean munduko txapelduna izango baitute.
Kroaziaren aurka hasieratik jokatu zuten 11 gizonek jokatuko dute, ustez, eta hori dela eta Torres aurrelari bakarra izango da. Laurent Blancek aldaketak egingo ditu, Mexes zentrala zigortuta baitago. Koscielnyk Mexesen tokia hartuko du defentsan, eta Cabaye Ben Harfaren ordez zelairatuko da.
Ustezko hamaikakoak:
Espainia: Casillas; Arbeloa, Pique, Sergio Ramos, Jordi Alba; Busquets, Xabi Alonso, Xavi; Iniesta, Silva eta Fernando Torres.
Frantzia: Lloris; Debuchy, Rami, Koscielny, Clichy; Diarra, M'Vila, Cabaye; Nasri, Ribery eta Benzema.