Itxi

Futbola

Fitxaketa

Jose Luis Mendilibar, Sevillako entrenatzaile berria

EITB MEDIA

Zaldibarreko entrenatzailea Sampaoliren ordez jarri dute, eta denboraldi amaierara arte sinatu du. Mendilibar, Lehen Mailan, Athleticen, Valladoliden, Osasunan, Levanten, Eibarren eta Alavesen ibili da entrenatzaile, eta orain Sevillak Santander Ligan jarraitzeko erronka hartu du bere gain.

  • Jose Luis Mendilibar, Aaveseko entrenatzaile zebilela. Argazkia: EFE.

    Jose Luis Mendilibar, Aaveseko entrenatzaile zebilela. Argazkia: EFE.

Jose Luis Mendilibar Sevillako entrenatzaile berria da, denboraldi amaierara arte, asteartean Andaluziako klubak baieztatu duenez; izan ere, Sevillak Jorge Sampaoli kargugabetu du, igandean Getaferen zelaian jokatutako partida erabakigarria galduta. Horrenbestez, Zaldibarreko entrenatzaileak, Lehen Mailan, Athleticen, Valladoliden, Osasunan, Levanten, Eibarren eta Alavesen ibilita, Sevillak Santander Ligan jarraitzeko erronka hartu du bere gain; une honetan, Ligako 26 jardunaldi jokatuta, Sevilla hamalaugarren postuan dago, 28 puntu dituela, hau da, hamazortzigarren tokian dagoen Valentziak baino bi puntu gehiago. Valentzia da, hain zuzen ere, jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea, txapelketa amaitzeko hamabi neurketa geratzen direla.

Mendilibar denboraldiko hirugarren entrenatzailea da Sevilla taldean. Julen Lopeteguik ekin zion denboraldiari, aurreko hiru denboraldietan izandako karguari eutsita, baina 2022ko urriaren 5ean kargugabetu zuten, Ligan eta txapeldunen Ligan hasiera txarra izan ostean. Jorge Sampaoli argentinarrak ordezkatu zuen Asteasuko entrenatzailea; Sampaolirekin, Sevillak 31 partida ofizial jokatu ditu, eta 13 garaipen eta sei berdinketa izan ditu horietan guztietan, 12 neurketa galduta. Argentinarra iritsi zenean, Sevillak puntu bateko aldea zuen jaitsierarekiko, zazpi partidatan bost puntu bilduta, eta orain, arestian esan bezala, alde hori bi puntukoa da, azken 19 partidetan 23 puntu erdietsita; horrez gain, Sevilla Europa Ligako final laurdenetan dago, eta Manchester United taldearen aurka arituko da nor baino nor gehiago hurrengo kanporaketan, eta Espainiako Kopan final laurdenetara heldu zen (Osasunak kanporatu zuen Sevilla, Sadarren).

Mendilibar, 62 urtekoa bera, horrela, zazpigarren aldiz fitxatu du Lehen Mailako talde batek. 1994-95 denboraldian estreinatu zen entrenatzaile gisa, Arratian. Guztira, Lehen Mailan, 448 partida zuzendu ditu; Eibarren sei denboraldi osorik eman zituen, eta,horrenbestez, talde armaginean eman du tarterik luzeena, entrenatzaile gisa. Ligako historian Lehen Mailan partidarik gehien zuzendu dituzten entrenatzaileen sailkapenean, Mendilibar hamaikagarren postuan dago; Marcel Domingo frantziarra da hamargarrena, Mendilibarrek baino zazpi neurket gehiago zuzenduta.