Itxi

Futbola

1. zatia

Zaharrak berri

Naxari Altuna

Joko antolaketa egokia, ordena eta oreka. Berdintasuna ala uniformea? Zer eskaini digu benetan Polonia eta Ukrainako Eurokopak?

  • Ingalaterra-Ukrainia partida. Argazkia: EFE

    Ingalaterra-Ukrainia partida. Argazkia: EFE

Zaharrak berri, salbuespenak-salbuespen. Iragan astean Juanma Lillok lankide bati esana da: “futbolean berdintasun hitza asko erabiltzen da, baina nik hori baino egokiagoa deritzot uniformea dela esatea”. Hots, arreta edo jakin-mina pizten duten gauza gutxi. Berritasun gutxi.

Zaleak hunkitzen dituzten artistak ezagunak ziren txapelketara iritsi aurretik: bakarlariak (Ibrahimovic, Cristiano, Robben, Arshavin…), eta kolektiboak (Espainiako selekzioko erdilariak, Pirlo, Özil, Modric, Benzema, Rosicky…). Horiengandik beti espero da zerbait. Zerbait berezia: Ibrahimovicen gola Frantziari, Cristianoren zartakoak, Robben eta Arshavin sigi-sagaka; Espainiaren joko-kontrol paregabea; Pirlo, Özil, Modric eta Rosickyren sinfoniak; Benzema dantzariaren koreografia…

Aspaldi ez gara aho bete hortz geratu Fernando Chalana bezalako agerpen distiratsuekin. Chalanak hankaz gora jarri zuen 1984ko Eurokopa, Frantzian. Portugalgo selekzioko kidea zen; Benficako jokalaria. Ezkerra. Ezker paregabea. Artista. Urteak zeramatzan Lisboako taldean bereak eta bi egiten, baina lesio larriek bidea kizkurtu zioten. Bere ibilbide oparoaren unerik gozoena bizi izan genuen txapelketa hartan. Ezker hegalean baloia hartu eta aurkariak erraz gainditzen zituen, dotore, jokaldia erdiraketa fin eta zehatzarekin amaitzeko. Jordao aurrelariak pagotxa ederra aurkitu zuen. Fernando Chalana: ile beltz, luze eta bibote bitxiko haize bolada freskoa. Frantzia txapelduna kolokan izan zuen Marseillan, Michel Platini azaldu zen arte. Frantziako kapitainak 9 gol sartu zituen Eurokopa hartan; inoizko markarik onena. Bada, 1984ko Eurokopa, bere agerpenak izan zuen oihartzunagatik, Chalana handiarena ere izan zen.

Non dira gaur egungo Chalanak? Uniformitate hori hausten duten futbolari kolektiboak? Iniesta, Pirlo, Özil, Sneijder, Rooney, Benzema, Modric, Rosicky. Zaharrak berri. Artisten gainetik joko kolektiboa gailendu da. Talentu gutxi duen talde batek, antolaketa ona duena, zirrikiturik gabekoa, kontraeraso bizkorra izanez gero, aurrera egin dezake: Grezia eta Txekiar Errepublika, kasu. Greziako ikurra oso ezaguna zen aldez aurretik: Giorgios Karagounis (35 urte); Txekiar Errepublikakoa ere bai: Tomas Rosicky (31 urte). Baina txekiarrek erakutsi dituzte zenbait jokalari berri interesgarri: Gebre Selassie, eskuin atzelaria, eta Pilar, ezker hegaleko jokalaria, batez ere. Polonia eta Ukraina antolatzaileek, arestian aipatutako selekzio horien ildotik, aurrera jarraitzeko argudioak zituzten, betiere talde lan trinkotik abiatuta. Polonian, Robert Lewandowski goraipatu behar da. Aurrelari bikaina. Ukrainak, berriz, ez du gehiegi erakutsi. Poloniak eta Ukrainak talde lanean oinarrituta, aurrelari handi banarekin aurrera egin bazezaketen, arrazoi gehiagorekin, ikusitakoaren ondoren, Danimarkak. Aste honetan 20 urte bete dira Eurokopa irabazi zuenetik. Zein izan zen harrigarriagoa, garaipen hura ala Greziarena 2004an? Aparteko artistarik gabe ere irabaz daiteke.
Kroaziak estu hartu zuen Espainia lehen fasean.

Aurreko Eurokopan Alemania hartu zuten mendean Slaven Bilicen mutilek, Luka Modric bikainaren gidaritzapean. Garai hartan Dinamo Zagreben ari zen; orain txiki geratu zaio Tottenham. Udako merkatuko harribitxia izango da. Modricek ezberdina egiten du Kroazia sendoaren jokoa, menderatzen zaila. Mario Mandzukic izan da ezusteko nagusia, nahiz eta bigarren itzuli bikaina egin zuen Wolfsbursgorekin Bundesligan. Ivica Olicen lesioak hasieratik jokatzeko aukera eman dio. Aurrelari interesgarria. Bayern Munichek fitxatu berri du.

Kroaziaren arazoa, Espainia eta Italiarekin topo egin izana izan da. Eta, hain justu, azzurriak dira, kolektiboki, txapelketako albisterik pozgarriena. Ekimena erakutsi dutelako; erasoan aritzeko asmo argia. Andrea Pirlok, eta futbol zaleek, oro har, eskertu dute Cesare Prandelli hautatzaileak aukeratutako bidea. Behar zuen horrelako zerbait Italiak. Beti izan dira lehiakorrak, gora-beherekin, baina lehiakorrak; nolanahi ere, Alemaniako Mundiala irabazi ondoren lo hartu zuten. Austria eta Suitzako Eurokopan ez zuten maila ona eman eta Hegoafrikako Munduko Kopan Eslovakiak bidali zuen etxera lehen fasean. Zirt edo zart egin beharra zegoen.

Orduan, Italiako federazioak pertsona berezi baten aldeko apustua egin zuen. Parman eta Florentzian gauza politak erakutsi zituen entrenatzailea jarri zuten aulkian, eta Pirlotik abiatuta, klub espiritua eraman du selekziora: Juventus ardatz hartuta. Buffon, Chiellini, Barzagli, Bonucci, Giaccherini, Marchisio, eta, batez ere, Pirlo dira selekzioaren oinarriak. Piamonteko taldeak Scudettoa irabazi du, aspaldiko partez, Antonio Conteren eskutik, joko freskoa eta erakargarria eginez. Bada, horixe da Italia berria, Prandelliren squadra azzurra: Pirloren begietatik sortua. Hori bai jokalaria. Fantasista.

Portugalek arrakasta bera izango luke Cristiano Ronaldo gabe? Bitxia da selekzio horri aspaldiko urteetan gertatu zaiona. Bederatzi handi baten falta egotzi zaio beti. Oso nabarmena izan zen hutsune hori Figo eta Rui Costaren garaian. Halako batean Cristiano azaldu zen. Hegaleko jokalari bortitzavaya soba..izatetik, golegile ase ezina izatera igaro da. Zazpiarekin. Baloia hartzen duenero, jokaldia amaitzea da bere helburu bakarra. Helder Postiga, Hugo Almeida eta Nelson Oliveira aurrelariak paisaiaren parte dira, besterik gabe. Askotan esaten da, gertatzen da, taldearen jokoa baldintzatzen duela Cristianok, ez diolako jarraipenik ematen. Bera aparte bizi da, baloia hartu eta gola egiteko. Eta, azkenean, garaipenaren txanponak bere aurpegia erakusten du eta orduan jokoaz hitz egitea huskeria da hainbatentzat. Ronaldo ala Messi? Erabakigarriak biak ala biak, baina bi mundu. Portugalek malenkonia alde batera utzi du, Pepe eta Bruno Alves bezalako jokalari oldarkorrekin.

(jarraitzen du)