Itxi

Futbola

F Liga

Realak eta Athleticek berdindu egin dute euskal derbian (1-1)

A. B. E. | EITB Meda

Bana berdinduta amaitu da F Ligako 24. jardunaldiko Reale Arenan jokatutako derbia. Eizagirrek sartu du txuri-urdinen gola 12. minutuan, eta Landaluzek zuri-gorriena, 49. minutuan.

1:36
Azkona eta Izarne Sarasola. EFE

Realak eta Athleticek bana berdindu dute (1-1) Reale Arenan jokatutako F Ligako 24. jardunaldiko euskal derbian. Ondorioz, puntu bana eskuratu du talde bakoitzak.

Bi taldeek erritmo bizia jarri diote neurketari hasiera-hasieratik, baina bietako bat ere ez da egin baloiaren jabe. Ez Realak ezta Athleticek ere ez dute abagunerik sortu estreinako hamar minutuetan, baina 11.ean, epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du; Valdezatek baloia galdu du areatik kanpo, eta Unzuek falta egin dio Amaiur Sarriegiri area barruan. Ondoren, Nerea Eizagirrek gola sartu du (1-0), penaltiz Mariasun Quiñones atezaina gaindituta.

Txuri-urdinek gola sartu ostean Reala egin da baloiaren jabe, baina Natalia Arroyok zuzendutako taldeak ez du aukera argirik sortu. Iraia Iturregik zuzendutako neskek baloia zertxobait gehiago izan dute hanketan 30. minututik aurrera; zuri-gorriak, ordea, ez dira gai izan aurkariari min emateko.

Horrenbestez, norgehiagokako lehen zatia Donostiako taldearen aldeko gol bateko abantailarekin bukatu da.

Atsedenaldiaren ostean erasokor zelairatu da Reala eta atzean sartu du Athletic. Hala ere, zuri-gorriek ondo erantzun diote txuri-urdinen bigarren zatiaren hasierari, eta 49. minutuan berdinketa jarri dute markagailuan; Landaluzek gol ikusgarria sartu du (1-1) boteka zetorkion baloia errematatu, eta Elene Lete atezaina gaindituta. Mugimendu bikaina egin du Athleticeko jokalariak errematea egin ahal izateko.

Golak hauspotu egin du Bilboko taldea, eta atzean sartu du Reala. Defentsan gogotik lan egin behar izan du talde txuri-urdinak, baina lortu du Athleticen erasoaldiei eustea.

Neurketako 65. mintutik aurrera Reala gai izan da atzetik irteteko, eta berriz aurkariaren ate inguruan arriskua sortzeko. Amaiur Sarriegiren eta Jensenen bidez eragin dizkie arazoak txuri-urdinek zuri-gorriei.

Lehia parekatuta iritsi da azken ordu laurdenera. Athleticek abagune argia izan du 75. minutuan; Ane Azkonak baloia jaso du zelai erdian, aurrera joan da, Lete atezaina areatik irten da, Athleticeko jokalariak gainditu egin du, eta atepean inor ez zegoela kanpora jaurti du Azkonak.

Azken txanpan hobeto ibili da Athletic, baina bi taldeek izan dituzte beste golen bat sartzeko abaguneak. Realak 91. minutuan izan du aukera, baina Allegrak area barrutik egindako jaurtiketa kanpora joan da. Minutu bat bernduago, ordea, abagunea Athleticena izan da, baina Letek eragotzi du zuri-gorrien gola, Aranaren errematea geldituta.

Amaieran, berdinketa Reale Arenan eta puntu bat talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Lete; Poljak, Tejada, Etxezarreta, Sarasola (Jensen, 62. min); Jacinto, Arnaiz (Torre, 79. min), Gili Giner; Uria (Bernabe, 62. min), Sarriegi, Eizagirre.

1.- Athletic Club: Quiñones; Arraiza (Nevado, 64. min), Unzue, Valdezate, Landaluze (Elexpuru, 85. min); Oguiza, Zubieta (Mariana, 79. min), Peke (Amezaga, 46. min), Pinado, Duente; Diez Tapia (Arana, 46. min).

Epailea: Espinosa Rios. Txartel horiak atera dizkie Sarasolari eta Arraizari.

Golak: 1-0, 12. min: Eizagirre, de penalti. 1-1, 49. min: Landaluze.