Itxi

Futbola

Lehen eta Bigarren Maila

"Neurri zorrotzak" egon litezke, epaileen arabera, euren aurkako "kanpaina" ez bada gelditzen

EITB MEDIA

Ligaren eta Ligako agintarien "etengabeko erasoak" gaitzetsi dituzte; eraso horiek "futbol profesionaleko hainbat frontek ondo baino hobeto neurtu eta antolatutako kanpaina" baten testuinguruan kokatu dituzte.

  • Carlos del Cerro Grande, igandeko Valentzia-Sevilla partidan. Argazkia: EFE.

    Carlos del Cerro Grande, igandeko Valentzia-Sevilla partidan. Argazkia: EFE.

Espainiako epaileek "futbol profesionaleko hainbat frontek ondo baino hobeto neurtu eta antolatutako euren aurkako kanpaina" salatu dute asteartean; hain zuzen ere, Ligaren eta Ligako agintarien "etengabeko erasoak" gaitzetsi dituzte. Hala, ohar bidez adierazi dute "neurri zorrotzak" egon litezkeela, "premiaz", eta horiek zuzeneko eragina izango lukete txapelketan.

"Oso kezkatuta gaude ordezkatzen dugun taldearen inguruan sortu den egoera deitoragarriaren aurrean; egoera hori futbol profesionalaren hainbat fronte ari dira bultzatzen, eta, gure iritziz, ondo baino hobeto neurtuta eta antolatuta dago", azaldu dute Epaileen Batzorde Teknikoak zabaldutako komunikatuan, eta Espainiako futbol ligako epaile profesionalek sinatu dute.

Testuan, epaileek deitoratu egin dute etengabeko erasoak pairatzen ari direla Ligaren eta Ligako agintari nagusien aldetik, eta Luis Gil Txapelketetako zuzendariak zabaldu zuen bideoa aipatu dute adibide gisa. Epaileen arabera, irudi horien asmoa da "epaileen jarduerak seinalatu eta barregarri uztea". "Beste behin, bistakoa da Ligak nahi duela gure kolektiboaren kontra giro txarra sortu, gure erabakien gaineko zalantzak bultzatu eta epaileen profesionaltasuna hondatu", azpimarratu dute.

Hori dela eta, "Espainiako futbolean aurrekaririk ez duen egoera baten aurrean, errespetua eta erantzukizun instituzionala" eskatu diete Lehen eta Bigarren Mailako epaileek Ligari eta Ligako agintariei; izan ere, horien iritzian, "Ligak ezin du deitoratu, behin eta berriz, ospearen krisia dagoela, eta, aldi berean, krisi hori sortzen lagundu, amorrua sustatzeko eta epaileen aurkako indarkeria bultzatzeko deia eginez. Horrek gure futbola debaluatu egiten du, gizarte mailan izen ona kendu egiten dio".

Espainiako epaileek nabarmendu dute kolektibo "autonomoa" dela, autonomia duela Ligaren eta kluben aurrean, "hala behar baitu, eta beti izango da horrela". "Zaleak nahasten saiatu badira ere, federazioek antolatzen dute futbola, herrialde bakoitzean, eta guk autonomiaz eta profesionaltasunez lan egiten dugu, epaileen eta futbolaren onerako", dio zabaldutako oharrak.

Hausnarketa, portaera "arduragabeen" aurrean

"Hausnarketa egin behar da, horren portaera arduragabeen aurrean. Espainiako futbolaren ospea babesteko, amaiera eman behar zaie. Ulertu behar dugu futbola pasioa eta emozioa izan behar dituen kirola dela, eta protagonistek (agintariek, jokalariek eta epaileek) batzuetan asmatu eta beste batzuetan kale egiten dutela. Ezin da erabili kirola orokorrean eta arbitrajea bidegabeak eta desegokiak diren portaerak eta jokabideak justifikatzeko", adierazi dute.

Epaileen iritziz, egoerak beheko mailetan hasten ari diren eta futbol zelaian segurtasunik ez duten adingabeei ere eragiten die. "Seinalatu egiten dituzte, iraindu egiten dituzte, mehatxuak pairatzen dituzte, eta, are larriagoa, eraso fisikoak jasaten dituzte; hori ez da onargarria, eta Ligaren eta kluben aldetik sufritzen ari garen kanpaina mediatikoaren eragina da", horien arabera. Horren erakusgarri, asteburuan, gazteen partida batean, Ceutan, epaile batek erasoa jasan du.

"Horregatik guztiagatik, hausnarketarako mezua zabaldu nahiko genuke. Hala, ez litzateke ezbehar gehiago izango, eta guk ez genuke neurri zorrotzak premiaz hartu beharrik izango. Neurri horiek zuzeneko eragina izango lukete txapelketan", ohartarazi dute epaileek.

Nabarmendu dutenez, Epaileen Batzorde Teknikoak ez ditu epaileak hautatzen, Izendapen Batzordeak baizik; eta batzorde horretan, Espainiako Futbol Federazioaren kide bat, Ligako kide bat eta guztien artean adostutako beste kide bat daude. Akordiorik ez balego, Kirol Kontseilu Nagusiak aukeratuko luke hirugarren kide hori.

Ligak, hainbat urtez, Antonio Jesus Lopez Nieto epaile ohia hautatu du lan horretarako. Lopez Nietok, Ligak ez bezala, epaileen autonomia aldarrikatzen du. Epaileak hautatzen 16 urte eman ondoren, horren esanetan, "gezurra da dena", eta "epaileak, futbola eta sinesgarritasuna leheneratzea" eskatu du.