Itxi

Futbola

Ordutegiak

Santander Ligako Osasuna-Athletic derbia maiatzaren 25ean jokatuko dute Sadarren, 19:30ean

EITB MEDIA

Partida hori 36. jardunaldikoa da. 35.ean, maiatzaren 20an, 21:00etan, Reala Camp Nou zelaian arituko da, eta neurketa hori erabakigarria izan liteke Txapeldunen Ligarako. Azken bi jardunaldietan, alegia, 37.ean eta 38.ean, ordutegi bateratua izango da.

  • Dani Garcia eta Abde, Osasuna-Athletic Kopako partidan. Argazkia: EFE.

    Dani Garcia eta Abde, Osasuna-Athletic Kopako partidan. Argazkia: EFE.

Santander Ligako 36. jardunaldiko Osasuna-Athletic derbia maiatzaren 25ean, ostegunarekin, jokatuko dute Sadarren, 19:30ean, Ligak iragarri duenez. 35. jardunaldian, maiatzaren 20an, larunbata, 21:00etan, Reala Camp Nou zelaian arituko da, Bartzelonaren aurka, eta neurketa hori erabakigarria izan liteke talde txuri-urdinak Txapeldunen Ligarako txartela ziurtatzeko. Gainera, Ligak eta Espainiako Futbol Federazioak iragarri dute azken bi jardunaldietan, alegia, 37.ean eta 38.ean, ordutegi bateratua izango dela.

Beraz, guztiz zehaztu dute zein ibilbide izango duten Santander Ligako hiru euskal taldeek Errege Kopako finalaren osteko hiru jardunaldietan. Osasunak, maiatzaren 6an finala jokatu ondoren, Girona jasoko du Sadarren, maiatzaren 13an, larunbata, 16:15ean, 34. jardunaldian; gerora, Jagoba Arrasateren taldea Madrilera joango da, 35.ean Atletico Madril izango baitu aurkari, Metropolitanon, maiatzaren 21ean, igandea, 16:15ean. Hurrengo ostegunean, hilaren 25ean, 19:30ean, Osasunak Athleticen kontra jokatuko du, etxean.

Reala 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligan izateko lehian dabil, bikain, eta 34. jardunaldian, Gironaren aurka arituko da Anoetan, maiatzaren 13an, 16:15ean; 35.ean, Bartzelonaren kontra jokatuko du, bisitari gisa, hilaren 20an, 21:00etan; maiatzaren 23an, asteartea, 36. jardunaldian, Girona hartuko du, 19:30ean, etxean.

Vila-real, Celta eta Osasuna izango dira Athleticen aurkariak Ligako 34., 35. eta 36. jardunaldietan. Ernesto Valverderen taldeak maiatzaren 13an bisitatuko du Zeramikaren estadioa, 18:30ean, eta Celta jasoko du, San Mamesen, maiatzaren 20an, larunbata, 16:15ean. Bost egunen buruan, hilaren 25an, Sadarreko derbia jokatuko dute.

Horrez gain, Ligak eta Espainiako Futbol Federazioak iragarri dute Santander Ligako eta SmartBank Ligako azken bi jardunaldiak, 37.a eta 38.a eta 41.a eta 42.a, hurrenez hurren, ordutegi bateratuan jokatuko dutela. Jokoan zerbait duten norgehiagoka guztiei eragingo die, hauek izango baitira jokoan: Liga, UEFAren txapelketetarako txartela, Espainiako Superkopa, Lehen Mailan jarraitzea, Bigarren Mailako titulua, Lehen Mailara zuzenean igotzea, igotzeko play-offak jokatzea eta Bigarren Mailan jarraitzea.

Espainiako Federazioak adierazi duenez, zenbait partidatan aipatutako kirol helburuetako bat jokoan izanez gero, neurketa horiek bateratuta programatuko dituzte, beste kirol helburu batzuk dituzten taldeen ordutegiekin bat egin gabe. Helbururik jokoan ez duten partidak, aldiz, bateratutako ordutegitik kanpo programatuko dituzte.

Santander Ligako Euskal Herriko taldeen ordutegiak 34., 35. eta 36. jardunaldietan

34. jardunaldia

Reala-Girona, maiatzaren 13an, larunbata, 14:00etan.

Osasuna-Almeria, maiatzaren 13an, larunbata, 16:15ean.

Vila-real-Athletic, maiatzaren 13an, larunbata, 18:30ean.

35. jardunaldia

Athletic-Celta, maiatzaren 20an, larunbata, 16:15ean.

Bartzelona-Reala, maiatzaren 20an, larunbata, 21:00etan.

Atletico Madril-Osasuna, maiatzaren 21ean, igandea, 16:15ean.

36. jardunaldia

Reala-Almeria, maiatzaren 23an (asteartea da), 19:30ean.

Osasuna-Athletic, maiatzaren 25ean (osteguna da), 19:30ean.

Ligako azken bi jardunaldietan ordutegi bateratua izango da, baina oraindik ez dute zehaztu.

37. jardunaldia

Atletico Madril-Reala

Getafe-Osasuna

Athletic-Elx

38. jardunaldia

Reala-Sevilla

Osasuna-Girona

Real Madril-Athletic