Itxi

Txapeldunen Liga

Finalerdiak

Real Madrilek eta Manchester Cityk bana egin dute Txapeldunen Ligako joaneko finalaurrekoan

Agentziak | EITB Media

Viniciusen golak aurretik jarri ditu madrildarrak lehen zatian. Banakoa, bigarren zatian egin du De Bruynek.

  • Vinicius, Real Madrileko golegilea

    Vinicius, Real Madrileko golegilea. Argazkia: Efe.

Real Madrilek Etihad Stadiumen lortu beharko du Txapeldunen Ligako finalerako txartela, astearte honetan Bernabeun Manchester Cityren aurka jokatutako joaneko finalaurrekoan bana egin ostean. Partida irekiagoa izan da bigarren zatian, eta ikusitako bi golak bikainak izan dira: Viniciusek eta De Buynek egin dituzte. Erling Haaland ingelesen izarrak ez du aurreikusitako arriskua sortu.

Lehen gola ekarri duen jokaldian, Modricek pase ederra eman dio Camavingari, honek aurrera egin du aurkariak atzean utzita eta pase bikaina eman dio Viniciusi honek baloia sareetara bidaltzeko. Real Madrilek lehen zatian hiru zutoinen artean egindako jaurtiketa bakarra izan da.

Atsedenaldiaren ostean, partidak erritmo biziagoa izan du eta orduan iritsi da Guardiolak zuzendutako taldearen gola. De Bruyne protagonista izan da zelaian eta berak egin du banakoa 67. minutuan jaurtiketa indartsu baten bidez.

Azken minutuetan, Real Madrilek ez du arrisku handirik hartu nahi izan, City saiatu da, baina zorte handirik gabe. Berdinketarekin, finalerako txartela zeinek lortzen duen itzuliko partidan erabakiko da.

Fitxa teknikoa

1 – Real Madril: Courtois; Carvajal, Rüdiger, Alaba, Camavinga; Kroos (Tchouaméni, 84. min), Modric (Nacho, 87. min), Fede Valverde; Rodrygo (Marco Asensio, 81. min), Vinícius, Benzema.

1 – Manchester City: Ederson; Walker, Stones, Dias, Akanji; Rodri, Gündogan; Grealish, De Bruyne, Bernardo Silva; eta Haaland.

Golak: 1-0, 36.min Vinicius; 1-1, 67. min De Bruyne.

Epailea: Artur Dias (Portugaldarra). Txartel horia atera die Real Madrileko Kroos, Ancelotti eta Camavingari, eta Manchester Cityko Gündogan eta Bernardo Silvari.