Itxi

Futbola

BARTZELONA UTZIKO DU

Sergio Busquetsek Bartzelona utziko du denboraldi amaieran

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Kataluniako erdilariak 34 urte dauzka eta 17 denboraldi jokatu ditu gizonezkoen lehen taldean. Busquetsek kontratua ez berritzea erabaki du jarraitzeko aukerak izan dituen arren.

  • Sergio Busquets. Argazkia: EFE

    Sergio Busquets. Argazkia: EFE

Sergio Busquetsek iragarri du Bartzelona taldea utziko duela 2022-2023 denboraldiaren amaieran. 34 urteko erdilariak asteazken honetan, maiatzaren 10ean, eman du erabakiaren berri.

"Kaixo: iritsi da unea adierazteko nire azken denboraldia izango dela Bartzelonan", esan du jokalari katalanak Bartzelonak argitaratutako bideo batean.

Klubak denboraldi bat gehiago jarraitzea eskaini zion Busquetsi, Xavi Hernandez entrenatzaileak hala eskatuta. Bartzelonako erdilariari ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua eta ez berritzea erabaki du.

Busquets Bartzelonatik joango da 17 denboraldiren ostean, eta, oraingoz, 31 titulu irabazi ditu: zortzi Liga, zazpi Errege Kopa, zazpi Espainiako Superkopa, hiru Txapeldunen Liga, hiru Kluben Munduko Txapelketa eta hiru Europako Superkopa. Ziurrenik, 32 izango dira, baldin eta klub katalanak hurrengo egunetan Liga irabazten badu.

Badirudi Busquetsen hurrengo helmuga Arabia Saudi izango dela, bere kirol ibilbidea han amaitzeko eskaintzak baititu.