Itxi

Futbola

Federazioaren Lehen Maila

Amorebieta SmartBank Ligara igo da

EITB MEDIA

Haritz Mujikaren jokalariek, horrenbestez, urtebete eman dute Federazioaren Lehen Mailan, 2022an izandako jaitsieraren ostean. Horrez gain, Sansek igoerako play-offa jokatuko du eta Real Unionek, bitartean, mailari eutsi dio.

1:01
Amorebietako jokalariak igoera ospatzen

Amorebietak, larunbatean, SmartBank Ligara igotzea lortu du, Lezaman, Bilbao Athleticen aurka hutsean (0-0) berdindu eta gero; izan ere, Federazioaren Lehen Mailako 38. eta azken jardunaldia amaituta, Haritz Mujikak entrenatzen duen taldeak sailkapeneko lehen postuan amaitu du txapelketa, eta postu horrek zuzeneko igoeraren saria ematen du. Amorebietak, horrenbestez, urtebete eman du Federazioaren Lehen Mailan, 2022an izandako jaitsieraren ostean. Horrez gain, Sanse igoerako play-offa jokatzeko sailkatu da, Castelloren aurka lortutako berdinketarekin (1-1); Real Union, bitartean, mailari eusteko gai izan da La Nucia 2-0 garaituta.

Testuinguru horretan, Amorebietak igoera gauzatu ahal izan du, aurreko bi jardunaldietan helburua eskuratzear izan eta gero. Bizkaiko taldeak Lezaman jokatu du, Bilbao Athleticen aurka, eta igoera zuzena bermatzeko behar zuen puntua bereganatzea lortu du. Bestalde, bere aurkari zuzena zen Eldensek etxetik kanpo irabazi dio Real Murtziari (1-2). Bi emaitza horiekin bi taldeek 69 puntura berdindu dute sailkapenean, baina saria bizkaitarrentzat izan da.

Haritz Mujikak eta Amorebietako jokalariek arrakasta handia lortu dute, horrela. 2021-22 denboraldian, SmartBank Ligan, ezin izan zuten salbazioa eskuratu, baina soilik denboraldi bat eman behar izan dute Federazioaren Lehen Mailan, bueltatu ahal izateko.

Halaber, Federazioaren Lehen Mailako goiko postuetan, Sansek bosgarren tokian amaitu du Liga, eta, ondorioz, igoerako play-offetara sailkatu da. Sergio Franciscok entrenatzen duen Realeko bigarren taldeak ere denboraldi ona egin du, eta duela urtebete galdu zuen maila berreskuratzeko moduan dago. Larunbatean, Sansek, Zubietan, Castello izan du aurkari, eta 1 eta 1 berdindu dute. Txuri-urdinen gola Marinek sartu du 36. minutuan; bisitarien gola, aldiz, Manu Sanchezen bitartez iritsi da bigarren zatian. Madrilgo Alcorcon taldea izango dute aurkari txuri-urdinek lehen kanporaketan.

Sailkapeneko behealdean, Real Unionek mailari eustea zuen jokoan, Galen, La Nuciaren kontra, eta euren xedea erdietsi dute. Gipuzkoarrak 2-0 nagusitu dira Giorgi Guaguak (51. min) eta Federico Andradak (90. min) sartutako golei esker. Azkenerako, hamahirugarren amaitu dute sailkapenean.

Azkenik, Osasuna Bk zazpigarren tokian itxi du denboraldia Sabadellen aurka 2 eta 2 egin ostean. Bilbao Athleticek, aldiz, azken tokian; zuri-gorriek duela aste batzuk galdu zituzten mailari eusteko aukera guztiak.