Itxi

Futbola

2023ko Munduko Txapelketa

Australia Munduko Txapelketako finalerdietarako sailkatu da, Frantzia kanporatuta penaltietan

A.B.E. | EITB Media

Australiako selekzioa nagusitu da Frantziakoaren aurka jokatutako final-laurdenetako kanporaketan. Penalti jaurtiketen bidez erabaki da irabazlea, eta 11 metroetatik egindako jaurtiketetan hobea izan da Ozeaniako taldea.

  • Australia - Frantzia

    Australiako jokalariak Frantziaren aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Australiak 2023ko Munduko Txapelketako finalerdietarako txartela lortu du, larunbat honetan, abuztuaren 12an, final-laurdenetan Frantzia kanporatuta. Partida penalti jaurtiketetan erabaki da, eta 11 metroetatik hobea izan da Ozeaniako selekzioa Europakoa baino (8-7).

Lehen zatia parekatua izan da, eta talde bakoitzak abagune argia bana izan du. Frantziak eman du lehen abisua 11. minutuan Lakrarrek kanpora bidalitako errematearen bidez. Geroago, 40. minutuan, Australiaren erantzuna etorri da, baina De Almeidak atepetik atera du Fowlerren errematea.

Bigarren zatian ere parekotasuna izan da nagusi. Australiak 58. minutuan izan du gola sartzeko aukera argia, baina Fowlerren jaurtiketa desbideratu egin du Peyraud-Magnin atezainak. Hamabi minutu beranduago erantzun du Frantziak; Le Sommerrek, ordea, ezin izan du Bechoren pase bikaina baliatu.

Bi taldeetako bat ere ez da gai izan aurkariaren zuloa zulatzeko neurketako lehen 90minutuetan; beraz, lehiak luzapena behar izan du.

Luzapeneko lehen zatiko abagune bakarra Australiak izan du 104. minutuan, baina Vineren errematea kanpora joan da. Bigarren zatian, aldiz, Frantziak izan du gola sartzeko aukera; hala ere, Arnold atezainak eragotzi egin du gola, Bechoren jaurtiketari erantzun ona emanda.

Luzapeneko 30 minutuetan ere ez da golik egon. Hortaz, penalti jaurtiketen bidez erabaki da garailea.

Talde bakoitzak hamar jaurtiketa egin behar izan ditu finalerdietara zein sailkatuko den jakiteko. Frantziak huts egin du lehen penalti jaurtiketa eta Australiak gola sartu du. Bigarren jaurtiketetan, ordea, Frantziak ez du barkatu eta australiarrek egin dute huts. Ondoren, talde bakoitzak hiruna penalti sartu dituzte jarraian hurrenez hurren, baina bosgarrenean huts egin dute biek ala biek. Seigarren, zazpigarren eta zortzigarren jaurtiketetan golak sartu dituzte Frantziak zein Australiak, eta bederatzigarrenean kale egin dute bi taldeak. Azkenean, hamargarren penaltian erabaki da irabazlea. Frantziak huts egin du; Australiak, aldiz, gola sartu du, eta, ondorioz, finalerdietarako txartela bereganatu du.