Itxi

Futbola

F Liga

F Ligak eta sindikatuek akordiorik gabe jarraitzen dute, eta asteazkenean batzartuko dira berriro

EITB MEDIA

Asteartean, F Ligak eta emakumezkoen futboleko hitzarmen kolektiboa berritzeko banku soziala osatzen duten sindikatuek bost orduko bilera egin dute, Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan; asteazkenean jarraituko dute eztabaidatzen.

  • EH Kopako finalaren jokaldi bat; igandean jokatu zuten final hori. Argazkia: EITB Media.

    EH Kopako finalaren jokaldi bat; igandean jokatu zuten final hori. Argazkia: EITB Media.

F Ligak eta emakumezkoen futboleko hitzarmen kolektiboa berritzeko banku soziala osatzen duten sindikatuek eztabaidatzen jarraituko dute asteazkenean, txapelketako lehen bi jardunaldietarako deituta dagoen greba saihesten saiatzeko, asteartean bost ordu negoziatzen eman ostean.

Astelehenean bildu ziren, aurreneko aldiz, bi aldeak, eta ez zuten akordiorik lortu; hortaz, astearte eguerdian, Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan batzartu dira, eta asteazkenean berriro bilduko dira, egoera desblokeatze aldera, negoziazioen iturriek baieztatu dutenez.

Greba deitu aurretik ere, bi aldeek aurreikusita zuten astelehenean batzarra egitea. Bertan, gutxieneko soldatarekin lotutako desadostasun nagusiei eutsi zieten; egun, 16.000 eurokoa da, eta jokalarien nahia da 2024-25 denboraldian 30.000 eurokoa izatea. Halaber, futbolariek eskatzen dute 2022-23 denboraldian 20.000 eurokoa izatea, atzeraeraginez, eta 2023-24an, 25.000koa.

Testuinguru horretan, Ligaren azken proposamena da 18.000 euroko kopuruarekin hastea, eta hirugarren denboraldian 25.000ra iristea.

FUTPRO, AFE, CCOO, Futbolistas ON eta UGT sindikatuek osatzen dute banku soziala, eta hilaren 1ean deitu zuten greba, Ligako aurreneko bi jardunaldietarako; berez, F Liga ostiralean da hastekoa, hilaren 8an, 21:00etan, Sevilla-Tenerife partidarekin. Jokalariek, baina, ez dute akordiorik lortu patronalarekin hitzarmen kolektiboaren hainbat arlo hobetzeko: soldata, alderdikeria, amatasuna, prestakuntza, abusuen gaineko protokoloa... Horregatik deitu dute greba.