Itxi

Futbola

F LIGA

F Ligako jokalarien greba bertan behera geratu da, gutxieneko soldataren inguruko akordioa lortuta

Agentziak | EITB Media

Hiru urterako ituna sinatu dute aldeek. Horren arabera, 21.000, 22.500 eta 23.500 euroko gutxieneko soldata gordina jasoko dute, 2023/24, 2024/25 eta 2025/26 denboraldietan, hurrenez hurren. Publizitate bidezko diru-sarrerak handituz gero, 23.000, 25.000 eta 28.000 eurokoa izan daiteke soldata.

  • Realaren eta Athleticen arteko derbia iragan denboraldiko F Ligan.

    Realaren eta Athleticen arteko derbia iragan denboraldiko F Ligan. EFE

Gauerdia pasatxo zela iragarri dute akordioa. F Ligako greba bertan behera geratu da, eta, horrenbestez, bigarren jardunaldia jokatzeko moduan izango dira jokalariak. Datozen hiru denboraldietarako ituna sinatu dute FUTPRO, AFE, Futbolistas ON, CCOO eta UGT sindikatuek eta patronalak. 

Horren arabera, 2023/24 denboraldian, 21.000 euro gordinekoa izango da futbolarien gutxieneko soldata, eta "publizitate bidezko diru-sarrerak handituz gero" 23.000 euroraino irits daiteke.

Datorren denboraldian (2024/25), gutxieneko soldata 22.500 eurokoa izango da, 25.000 eurora igotzeko aukerarekin. 

Azkenik, hurrengo denboraldian (2025/26), 23.500 euro gordin jasoko dituzte gutxienez, baina publizitate bidezko diru-sarrerak handituz gero, 28.000 euro irabaziko dituzte, gutxienez.

Lan-hitzarmena berritzeko negoziazioetan aurrerapausorik ez zegoela eta, greba deitu zuten sindikatuek irailaren 1ean. Bi aldeek lan-gatazka desblokeatzeko hartu-emanak izan dituzte ordutik, baina antzuak izan dira. Ondorioz, Ligako lehen jardunaldia ez zuten jokatu. Egutegian leku bat egin beharko diote orain jardunaldi horri.

AFE elkartearentzat, F Liga "orain bada profesionala"

AFE Espainiako Futbolarien Elkarteak ohar bidez adierazi duenez, F Ligarekin jokalarien greba bertan behera uzteko gutxieneko soldataren inguruan lortutako akordioari esker, F Liga "orain bada profesionala".

Sindikatuaren esanetan, "urrats hau hasiera baino ez da, hitzarmenaren alde bat baino ez". Orain, lan egiteko garaia da bestelako gaiak ere adosteko: amatasuna, jazarpen protokoloa eta konpentsazio zerrenda, besteak beste. Izan ere, horiek ere funtsezkoak dira "futbolarien jardueraren garapen egokian".

Liga Profesionalak esker ona adierazi die SIMA Fundazioari eta bitartekariei

F Ligak, bere aldetik, "emakumeen futbol profesionalaren proiektuari egonkortasuna emateaz gain, pixkanakako hazkunde jasangarria ahalbidetuko duen epe luzeko akordioa lortzea beharrezkoa da", zabaldu du ohar batean.

Era berean, SIMA Fundazioari eta bitartekariei "erakutsitako konpromisoa eta ardura" eskertu dizkie, "erabakigarriak izan baitira aldeak ados jartzeko".