Futbola
Emakumeen futbola
UEFAk gutxieneko arau-sorta ezarri du emakumeen selekzioentzat
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Soldatei, amatasunari eta haurdunaldiei buruzko akordioak ez ezik, diskriminazioa ekiditeko neurriak ere aurreikusi dituzte.
-
Australia eta Zeelanda Berriko Mundu Txapelketako artxiboko irudia. EFE
UEFAk astelehen honetan iragarri zuenez, emakumeen selekzio nazionalek bete beharreko gutxieneko arau-multzoa ezarriko du. Besteak beste, jokalariek eta federazioek soldaten inguruko akordioa adostu beharko dute, baita amatasun zein haurdunaldi arloko politikak eta diskriminazioaren aurkakoak ere.
UEFAko kide diren federazioei neurri horiek ezartzen laguntzeko planak egiten lagunduko diela ere azaldu zuen erakundeak, federazio bakoitzaren erronketara egokituta. Hala, "HatTtrick Sustapen Programa"ri esker, 22 milioi euro bideratuko ditu UEFAk federazioetara 2028ra arte (100.000 euro jasoko ditu federazio bakoitzak urtero).
UEFA Pro edo maila bereko lizentzia duen entrenatzaile nagusi bat lanaldi osoan izan beharko dute selekzioek. Horrez gain, partida eta entrenamendu guztietan, taldeko sendagile bat eta bi fisioterapeuta egotea ere aurreikusi du gutxieneko arau-sortak. Halaber, entrenamendu eta partida lekuetatik gertu dauden kalitatezko ostatuak izan beharko dituzte taldeek.
Federazio bakoitzak 100.000 euro jasoko ditu lehen urtean
100.000 euro horietatik 70.000 kirol eta teknika arloko neurrietara bideratuko dira; beste 30.000 euroak, berriz, gobernantza egokira.
Lehen denboraldian, 100.000 euro izango dira federazio bakoitzarentzat, aplikazio-maila edozein dela ere. Dena den, kalitatearen bermeari buruzko autoebaluazioa egitera behartuta daude, diruaren erabileraren inguruko formulario baten bidez.
Ondoren, bigarren, hirugarren eta laugarren denboraldietan jasoko duten dirua arauen ezarpenaren araberakoa izango da, UEFAren administrazioaren ebaluazioa kontuan hartuta.
"UEFAk jokalariak ahalduntzeko lanean dihardu"
Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak baieztatu zuenez, "emakumeen futbolerako datozen bost urteetako estrategia" ezarriko du erabakiak. "Jokalariekin, entrenatzaileekin eta FIFPRO Europa erakundearekin kontsulta-prozesu zabala egin ostean, Batzorde Eragileak aho batez onartu zuen ekainean", gaineratu zuen.
Nadine Kessler emakumeen futbolerako UEFAren zuzendari nagusiak, bere aldetik, proiektu hau emakumeen selekzio nazional guztietan maila sendotzeko abiapuntua izango dela berretsi zuen. "Jokalariek ondo jokatu eta arrakasta lor dezaten, bai zelaian zein kanpoan ahalik eta baldintzarik onenak izatea ezinbestekoa da", esan du.
Gutxieneko arau horiek ezartzeko 35 kapitainekin hitz egin du UEFAk. Marissa Callaghan iparrirlandarraren aburuz, "beste jokalariekin eta entrenatzaileekin eztabaidatzeko plataforma bat izatea esperientzia positiboa eta aberasgarria izan da".