Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Amorebietak partida ausarta jokatu du Molinonen, eta meritu handiko puntua lortu du Sportingen aurka (1-1)

EITB MEDIA

Josep Gayak sartu du, 68. minutuan, Bizkaiko taldearen gola. Hala, Haritz Mujikaren taldeak berdinketa oso ona erdietsi du, Hypermotion Ligako bigarren sailkatuaren zelaian eskuratu baitu.

  • Sporting eta Amorebietaren arteko partidaren argazkia

    Sporting eta Amorebietaren arteko partidaren argazkia. Iturria: @SDAmorebieta

Amorebietak 1-1 berdindu du larunbat gauean, Molinon Enrique Castro "Quini" futbol zelaian, Sporting Gijonen aurka, 2023-24 denboraldiko Hypermotion Ligako hamabosgarren jardunaldiko partida. Josep Gayak sartu du, 68. minutuan, Bizkaiko taldearen gola, eta Gasparrek 60. minutuan egindako 1-0ekoa berdindu du.

Sporting Gijon-Amorebieta partidaren laburpena (1-1)

Haritz Mujikaren gizonek partida ausarta jokatu dute, txapelketako bigarren sailkatuaren etxean; meritu handiko puntua eskuratu dute, kontuan izanik aurkaria, Sporting Gijon, sasoi puntu bikainean dagoela. Zornotzako taldeak, hala, hamaika puntu ditu; jaitsierako postuetan ez dagoen aurreneko taldeak Amorebietak baino bi puntu gehiago ditu. Talde urdina lan ona eginda bueltatu da etxera.

Ez da golik izan lehenengo zatian. Sporting Gijon izan da nagusi, eta zelai erdia kontrolpean izan du; ondorioz, Amorebietak aukera gutxi izan ditu aurrera jotzeko, baina, hori bai, sendo aritu da atzealdean. Bizkaiko taldeak ez du arazo handiegirik izan atsedenaldira 0-0ekoarekin iristeko.

Bigarren zatian, emozio handiagoa izan da, bi taldeek joko irekiagoa eta azkarragoa egin ahal izan baitute. Amorebieta ausartago zelairatu da, etxeko taldearen atearen bila, eta gero eta gehiago ari zen hurbiltzen Sporting Gijonen areara, baina Gasparrek, Rosasek eskuinaldetik emandako pase polita baliatuz, aurretik jarri du Sporting.

Amorebietak ez du atzera egin, eta berehala berdindu du. Korner batean, Josep Gayak, area barrutik, gogor jaurti du, eta Yañez atezainak ez du jaurtiketa gelditzerik izan. Ia ordu erdi geratzen zen jokatzeko Haritz Mujikaren taldeak banakoa sartu duenean.

Norgehiagokaren azken tartea entretenigarria izan da, biak ala biak garaipenaren bila ibili baitira. Pablo Campos Amorebietako atezaina fin aritu da, eta geldiketa bikainak egin ditu. Horren lana gakoa izan da Amorebietak puntu bat eskuratzeko.

Fitxa teknikoa

1 - Sporting: Yañez, Pascanu (Rosas, 59. min), Insua, Rober Pier, Cote, Nacho Mendez (Djuka, 85. min), Roque Mesa (Cristian Rivera, 75. min), Hassan (Keipo, 75. min), Otero, Gaspar Campos eta Campuzano (Fran Villalba, 59. min).

1 - Amorebieta: Pablo Campos; Nuñez, Manu Hernando, Gaya, Garreta, Lasure (Moran, 75. min). Sibo (Jorge Mier, 75. min), Carbonell, Morcillo (Javier Aso, 86. min); Aviles (Dorrio, 65. min) eta Edwars (Rayco, 75. min)

Golak: 1-0, 60. min, Gaspar. 1-1, 68. min, Gaya.

Epailea: Ivan Caparros Hernandez (Valentzia). Txartel horia erakutsi die Cristian Rivera Sportingeko jokalariari eta Sibo, Lasure, Manu Hernando eta Nuñez Amorebietako jokalariei.

Gertakariak: Hypermotion Ligako hamabosgarren jardunaldiko partida. 18.792 zale izan dira Molinonen.